AZKEN DATUAK

Maiatzaren 3an ere ez zen koronabirus kasu berririk agertu Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 4a, 23:00

Apurka-apurka jendea kalera ateratzen ari da. / Aiaraldea.eus

4. aldia da eskualdean ez dela positibo berririk aurkitzen. Azken 15 egunetan izan dira marka horiek guztiak, eta atzo eta herenegun jarraian ez zen kasurik detektatu.

Atzo ere Osakidetzak ez zuen diagnostikatu Covid-19ko kutsatu berririk Aiaraldean. Aste gorabeheratsuaren urrezko itxiera izan da, bi egunez jarraian ez baita gaixo gehiago agertu. Hala ere, guztira 349 lagun izan dira birusa izan dutenak, atzo arte. 

Bukatu berri den asteak datu baikorrak utzi ditu osasun sistema publikoan: astelehenean ez zuten positibo berririk topatu. Ordea, asteartean eta azkenean marka guztiak hautsi ziren: Apirilaren 28an 51 kutsatu identifikatu zituzten eta asteazkenean, aldiz, 26.

Roberto Gonzalez Santisteban Aiaran lan egiten duen medikuak berehala argitu zituen kasu berri horiek: positibo zaharrak zirela kasu ia guztietan. Izan ere, Osakidetzak herritar zaurgarrien artean egin zituen analisiak, eta gehienek gaindituta zuten koronabirusa.

Gauzak horrela, ostegunean eta ostiralean aurreko asteko kopuruetara itzuli ziren gaixo berriak, eta 6 eri detektatu zituzten egun bakoitzean. Edonola ere, asteburuan ez du gaixo berririk diagnosikatu Osakidetzak.

Esan bezala, aste gorabeheratsua izan da; eta 89 kasu gehiago agertuta ere -eskualdeko kutsatu guztien %25,5a- zenbaketa baikorrekin amaitu da astea. Guztira, Laudiok 123 kasu dauzka, Amurriok 99, Aiarak 61, Urduñak 29, Orozkok 19, Artziniegak 12 eta Okondok 6. 

EAEn test gutxiago egin zituzten atzo, 2.000 azpitik, eta positiboak 49 izan ziren. Gauzak hala, atzo Covid-19ak kutsatutako 12 lagun gehiago hil ziren eta jadanik 1.341 hil dira erkidegoan. Gainera, 6 herritar gehiago ospitaleratu zituzten, 530era heldu arte, eta 3k ZIU utzi zuten. Bizkaian 9.251 kasu diagnostikatu dituzte, Araban 4.217 eta Gipuzkoan 2.778, 16.246 guztira.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide