Zer egin daiteke astelehenetik aurrera?

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2020ko mai. 9a, 12:35
Atzo Otxomaio Jaietan hartutako irudia./ Aiaraldea.eus

Astelehenean Hego Euskal Herriko biztanleak lehen fasera igaroko dira, eta hainbat jarduera egin ahal izango dituzte. Gaur BOEak zehaztu ditu jarduera oro. Besteak beste, hurbilekoak ikustea, hitzordurik gabe erosketak egitea, terraza batean esertzea edo museora joatea baimenduta egongo da.

Udalerritik atera ahal izango da?
Bai, baina hainbat baldintza beteta. Batetik, udalerritik bai, baina probintziatik ateratzea debekatuta egongo da. Salbuespen bat egongo da, hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan: hiru lurralde horien arteko mugikortasuna bermatuta egongo da mugakide diren udalerrien kasuetan, eta jarduera sozioekonomikoak egiteko. Esaterako, Eibarko biztanleek (Gipuzkoa) Ermura (Bizkaia) joan ahal izango dute erosketak egiteko, tramiteak egiteko edo paseatzeko.
Bestetik, ezin izango da norbera bizi den herrialde barruko bigarren egoitza batera joan–bigarren fasetik aurrera baimenduko da hori–.

Ordutegiak aldatuko dira?
Paseoak emateko, kirola egiteko eta umeekin kalera ateratzeko ordutegiak mantenduko dira astelehenetik aurrera, baina ordutegiak bi ordu aurreratu edo atzeratu ahal izango dira, betiere  jarduera bakoitzerako iraupena luzatzen ez bada. Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku geratuko da erabaki hori. 5.000 biztanletik beherako udalerriek ez dute mugarik izango ordutegietan, orain arte bezala.

Hurbilekoekin elkartu ahal izango da?
Bai, baina hainbat mugekin. Gehienez hamar laguneko bilerak baimenduko dira –adineko jendearekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik–etxean, kalean edo terraza batean. Bi metroko segurtasun tartea zaindu beharko dute, eta higiene-arauak errespetatu beharko dituzte.

Taberna eta jatetxeak irekiko dituzte?
Terrazak bakarrik, eta edukieraren %50era mugatuta. Hala ere, udalen esku geratuko da aurreko edukiera zabaltzea posible den kasuetan. Terrazetan gehienez, hamar pertsona elkarrekin egon ahal izango dira, betiere elkarren arteko bi metroko distantzia errespetatuz. Zerbitzu bakoitzaren ondoren, mahaia desinfektatu beharko da. Txartelarekin ordaintzea lehenetsiko da.

Saltokiak irekiko dituzte?
400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiek ireki ahal izango dute, 0 fasean bezala, baina dagoeneko ez da beharrezko izango aldez aurreko hitzordurik, ezta banakako arretarik ere. Hala ere, saltokiek gehienez ere bezeroen %30 hartu ahal izango dituzte, eta, bezero bat langile bakoitzeko. Gutxienez bi metroko segurtasun tartea gorde beharko da, eta 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezko arreta ordutegia ezarriko da. Komunak itxita egon beharko dira, eta jantziak eta probagailuak desinfektatu egin beharko dira erabiltzen diren bakoitzean. 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza guneak edo dendak ezin izango dira ireki.

Kaleko merkatuak irekiko dituzte?
Bai, aire zabaleko merkatuak edo azokak berriro zabalduko dira, baina ohiko postuen %25a bakarrik. Gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.  

Liburutegiak eta museoak irekiko dira?
Bai. Museoen bisitak %30era mugatuko dira. Liburutegiak irekiko dituzte, baina mugatutako edukierarekin eta soilik liburuak mailegatzeko eta irakurtzeko.

Kultur ekitaldiak egingo dira?
Bai, baina mugekin. Aire zabalean egiten diren ekitaldiak eta kultur ikuskizunetan 200 pertsona baino gutxiago egon ahal izango dira, eta leku itxietan, 30 pertsona baino gutxiago, eta edukieraren %30ean. Publikoa eserita egon beharko da kasu bietan, eta segurtasun distantzia mantenduta.

Kirol-instalazioak berriro irekiko dira?
Bakarrik kontaktu fisikorik ez duten kirolak egiteko. Kirol zentroak ireki ahal izango dira banakako kirol jarduerak egiteko bakarrik eta hitzordua eskatuta. Aldagelak itxita egongo dira. Aire zabaleko instalazioak ere irekiko dituzte, baina publikorik gabe. Gimnasioak, ordea, itxita egongo dira. Igerilekuetan bainatzea ezinezkoa izango da, oraingoz.

Hotel batera joan ahal izango da?
Bai, baina probintziaren barruan baldin badago soilik. Hoteletako eta turismo ostatuetako eremu komunak itxita egongo dira, adibidez, jantokiak.

Kotxea partekatu daiteke?
Etxe berean bizi direnek bederatzi plazarainoko autoa partekatu dezakete. Elkarrekin bizi ez badira, ilara bakoitzeko bi plaza bakarrik erabili ahalko dira, distantziak zainduz, eta maskarak erabilita. Ezin izango da kotxearekin probintziatik irten.

Ehorzketa eta beilatoki zerbitzua egongo da?
Bai, baina mugekin. Aire librean bada 15 lagun joan ahalko dira gehienez, adibidez, hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erraustera. Beilatokian, berriz, hamar pertsona baino ez dira egongo.

Kontzesionarioak eta Ibilgailuen Inspekzio Teknikoak?
Ibilgailuak saltzen dituzten kontzesionarioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, baina aldez aurreko hitzordua beharrezkoa izango da. 400 metro koadrotik gorako kontzesionarioek ere zabaldu ahal izango dute. Bestetik, I.I.T. Ibilgailuen Inspekzio Teknikoa egiteko guneak ere irekiko dituzte, eta beharrezkoa izango da aldez aurreko hitzordua eskatzea.

Loteria erosi ahal izango da?
Bai. Loteria administrazioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, merkataritza guneetan daudenak izan ezik.

Gurtzarako guneak irekiko dira?
Bai, edukieraren heren batera mugatuta. Segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira. Besteak beste, ezingo dira eskuorriak edo antzekoak banatu, eta ezin izango da abesbatzarik egon.
Komunitate musulmanak meskitak ez irekitzea erabaki du, segurtasuna bermatzeko.

 

Testua: Edurne Begiristain

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide