Udaberrian eginiko ibilbidea ekarri dute gogora sareko kideek, agur oharrean: "Eguraldi onaren etorrerarekin batera hustu ziren eskualdeko kaleak. Mundua goitik behera astindu zuen pandemia batetik babesteko, bakoitza bere etxean sartu behar izan ginen, babesgabe". Hargatik erabaki zuten sarea osatzea, alarma egoera piztu eta gutxira.
Balorazio positiboa egin dute: "200 boluntario baino gehiago batu ziren dinamikara egun gutxiren buruan, hainbat adin, herri eta profiletakoak; baina guztiak helburu berarekin: gainean genuen konfinamendu egoerak sortuko zituen arazo eta beharrei erantzun kolektiboa ematea".
"200 boluntario baino gehiago batu ziren Aiaraldea Zainduzera sarera oso denbora gutxian, konfinamenduak sortutako beharrei erantzun kolektiboa emateko"
Auzolanean igaro dituzte azken hilabeteak, azpimarratu dutenez: "Erosketak egin ditugu gure alboko blokean bakarrik bizi den pertsonarentzat, botikak eraman dizkiogu etxetik atera ezin zuen bizilagunari, umeak zaindu ditugu gurasoak lanean zeuden bitartean... horrelako dozenaka ekintza egin ditugu, bizilagunen arteko elkar laguntza helburu".
Dinamika ugari
Zaintza eta laguntza sarea, baina, ez da etxeetara mugatu. Izan ere, tokiko ekoizleen lana sustatzeko bertako produktuak kontsumitzeko kanpaina egin zuten, eta konfinamenduan areagotutako indarkeria matxista salatzeko euskarriak sortu dituzte, besteak beste. Horrez gain, etxebizitza eta alokairuen arazoei aurre egiteko informazioa bildu eta zabaltzeko Telegram kanala sortu dute, baita Wifia partekatzeko irizpideak zabaltzeko bideoa ere. Ildo beretik, euskaraz mintzatzeko eskaintza luzatu dute. Halaber, maskara berrerabilgarriak egiteko bideoa ekoitzi dute, Okondoko Jostun Sarearekin batera:
"Komunitatea eraikitzea" izan dute xede, eta hemendik aurrera antzera jarraituko dute: " Argi dago, konfinamendua apurka-apurka amaitzen doan arren, istorio guzti hau ez dela amaitu. Datozen hilabeteak ere mugituak izango dira. Sortuko dira egoera berriak, arazo berriak, behar berriak. Eta horiei guztiei erantzuna eman beharko zaie, eman beharko diegu".
Sarea desagertu arren, "hemendik aurrera ere sareak ehuntzen eta elkar laguntzen" jarraitzeko deia luzatu dute, "bakoitza bere esparru, auzo edo pisutik. Atzo eta gaur bezala, jarraitu dezagun bihar ere komunitatea elikatzen. Aiaraldea zaintzen".