[ERREPORTAJEA] Bakarrik ezin dut, bizilagunekin bai: Hiru aste bete dituzte eskualdeko zaintza sareek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 7a, 21:08

Hiru aste igaro dira jada Hego Euskal Herrian eta, ondorioz, Aiaraldean alarma egoera ezarri zenetik; eta hiru aste igaro dira baita ere Aiaraldean laguntza eta zaintza talde eta sareak eratzen hasi zirenetik.

Helburu sinple batekin jaio ziren egitasmo gehienak: arrazoi bategatik edo besteagatik etxetik atera ezin diren bizilagunei erosketak edota bestelako errekaduak egitea. Baina ez dira horretara mugatzen. Zaintza lanak eskaintzeari ekin diote, eta bestelako egitasmo batzuk ere jarri dituzte martxan.

Ibilbide motz baina oparoa egin dute zaintza sareek eskualdean. Egun gutxitan ehunka herritar aktibatzea lortu dute, auzolana eta elkarlaguntza ardatz, eta erritmo konstantean ari dira funtzionatzen.

Herritarrak instituzioen aurretik
Alarma egoera ezarri baino lehen hasi ziren eskualdean lehen ekimenak sortzen. Egitasmo anitzak ziren, baina denek zuten gauza bat komunean: herritarrak sustatuak zirela. Udalak eta, oro har, instituzio publikoak, beranduago batu dira olatura.

Laudion gazte talde batek eman zuen lehen pausoa. Ikusi zuten Arrigorriagan laguntza sare bat eratu zela eta orduan bururatu zitzaien herrian ere horrelako zerbait egitea. “Kuadrillako guztion artean sortu genuen taldea. Sare sozialetan jarri genuen deialdia eta herriko jende asko jarri zen gurekin harremanetan, parte hartzeko asmoarekin”, azaldu du Ane Saiz Morenok.

Sarea sortu zutenean bederatzi pertsona baino ez ziren. “Horiek gara gaur egun akreditazioa (udalak emandakoa) dugunak”, azaldu du Joseba Iturrioz Aguirrek, “baina jende gehiago ere batu da taldera, gurekin edo udalarekin harremanetan jarrita. Ez dakit zenbat garen une honetan, baina hogei baino gehiago bai”.

Erosketak egiteko eta farmaziara joateko enkarguak egiten dituzte batez ere, baina umeen zaintza ere eskaintzen dute. “Lehen egunetan ez genuen ia deirik jaso, baina orain ia egunero jasotzen ditugu”, nabarmendu du Iturriozek.

Balorazio positiboa egiten dute gazteek. “Jendeak asko eskertzen digu egiten dugun lana. Batzuetan dirua ere eskaini digute, baina guk ez dugu inoiz hartu. Oso ondo sentitzen gara lana egin ostean”, azaldu du taldeko kidea den Leire Sarragak.

Amurrio Trail Taldea
Amurrio Trail Taldeko kideek ere erabaki zuten pausoa ematea. Ehun lagun baino gehiagoko sarea ehundu dute. “Baina ez dugu guk bakarrik osatu, Aiaraldea Zainduz sareko, eskautetako eta Bañuetako auzo elkarteko kideak ere daude”, nabarmendu du Imanol Llanok.

Trail taldeko kideak oso positiboki baloratu du lehen hiru aste hauetan eginiko jarduna: “75-80 eskaera inguru egin ditugu eta jendea geroz eta konfiantza gehiago jartzen ari da gugan, egoerak ahalbidetzen duen neurrian betiere”.

Aiaraldea Zainduz sarea
Laudioko laguntza taldea eta Amurrio Trail Taldea baino apur bat beranduago aurkeztu zen Aiaraldea Zainduz zaintza sarea. Denbora apur bat gehiago behar izan zuten ekimena plazaratzeko, aurretik egun ugari eman baitzituzten sukalde lanean, sarea eskualdeko herri gehienetan (Orozko, Aiara, Okondo, Laudio eta Amurrio) nola abiatu zehazteko.

Boluntarioak lortzeari ekin zioten lehenbizi. Ohiko baliabideak erabili zituzten horretarako: whatsappa eta bestelako sare sozialak. Baina atariz atari ere joan ziren kartelak jartzen, eta ahalegin horrek eragina izan zuen lortutako emaitzan: 200 boluntario baino gehiago batu ziren sarera egun gutxitan.

Beste zeregin bati ere heldu zioten sareko kideek konfinamenduaren lehen egunetan: jarduera guztiak nola egin zehazteko protokoloa osatzea.

Hainbat aditu kontsultatu zituzten horretarako: koronabirusaren aurkako lanetan ari diren medikuak edota zaintza lanetan adituak diren hezitzaileak kasu.

Boluntario guztiei bidali diete osatutako dokumentua, eta erabilgarria suertatu zaie. Hala adierazi du Aingeru Llanok: “Neurri horiek jarraituta oso oso txikia da hartzen den arriskua”.

Sortu eta gutxira izan zuen gazte amurrioarrak sarearen berri, eta segituan batu zen egitasmora. Astebetean “denetarik” egin du Llanok: Aste baterako erosketak egin, farmaziara joan eta bi ume zaindu. “Oso argi dut horrelako egoeretan gizarteak eta, batez ere, herriak elkarlanean aritu behar duela”.

Antzeko iritzia du Aketze Ortiz de Zarate Barbarak. “Laguntza emateko prest agertu nintzen egoera alderantziz izango balitz eskertuko nukeelako nik ere laguntza jasotzea”, azaldu du gazte laudioarrak.

Bere kabuz hasi zen auzokideak eta ingurukoak laguntzen, eta Aiaraldea Zainduzen deialdia jaso zuenean, bertara batzea erabaki zuen. Botikak erosten lagundu dio bizilagun bati. “Berak ezin zituen erosi eta bere gurasoak oso nagusiak ziren, eta ez zituen arriskuan jarri nahi”.

Bizilagunen arteko zuzeneko harremana sustatzea da Aiaraldea Zainduzen helburuetako bat. Gauzak hala, boluntario batek bizilagun bat laguntzen duenean, telefonoak pasatzen dizkiote elkarri. Modu horretan, auzokideak bestelako laguntzarik behar badu ez du berriro sarera deitzen, laguntza eskaini dion horrengana jo dezakeelako zuzenean.

Tokiko ekoizleekin elkarlanean
Bizilagunen arteko elkarlaguntza sustatzeaz gain, bestelako ekimen batzuk ere jarri dituzte abian Aiaraldea Zainduz saretik. Telegram kanala atondu dute, eta koronabirusari eta alarma egoerari lotutako albisteen buletinak bidaltzen dituzte bertatik.

Bestelako edukiak ere plazaratu dituzte: esku-orriak osatu dituzte norbere burua zaintzeko edota etxeko lanak banatzeko argibideekin, eta indarkeria matxista kasuen aurrean jarraitu beharreko pausoen gida ere plazaratu dute, Aiaraldeko Mugimendu Feministarekin elkarlanean:

Orain, elkarlana abiatu dute eskualdeko tokiko ekoizleekin, Laudio eta Amurrion astero egiten ziren azokak bertan behera geratu direlako:

 

Udalen papera
Udalen eta instituzio publikoen papera ezberdina izan da herri bakoitzean. Laudion eta Amurrion, laguntza eta zaintza taldeak jada eratuak zeudenez, bitartekari lana egitera mugatu dira tokiko erakundeak.

Telefono zenbakiak jarri dituzte martxan (944034840 eta 671 074 170, hurrenez hurren). Laudioko telefonora deitzean, udal langileek Laudioko laguntza taldera edo Aiaraldea Zainduz sarera bideratzen dute enkargua.

Amurrioko Udalaren kasuan, aldiz, Amurrio Trail Taldeko kideei pasatzen zaie laguntza-eskaera, eta eurek bideratzen dute.

Herri txikietan, aldiz, tokiko erakundeetatik bideratu da laguntza. Orozkoko Udalak 24 orduko arreta telefonikorako zenbakia jarri du abian (946 339 633). Gurutze Gorriarekin koordinatu da tokiko erakundea. 15 pertsona inguru daude boluntario lanetan eta hasiak dira eskaerak jasotzen.

Urduñan 40 lagun batu dira udalak eginiko deialdira, eta dozenaka eskaera bideratu dituzte dagoeneko. Boluntario bakoitzak bizilagun berari egiten dizkio beti errekaduak, balizko kutsaduren zabalpena ekiditeko. Tokiko erakundeak eskularruak, maskara eta gela ematen dizkie boluntarioei, erantzukizun zibileko aseguruarekin batera.

Arrankudiagako zaintza sarea, aldiz, alkatea bera dago kudeatzen. Herri txikia izanik, errolda hartu eta banan-banan deitu zituzten beharrak izan zitzaketen herritarrak. Bi telefono jarri dituzte martxan deiak jasotzeko: 946 481 712 edo 663 531 973.

Arakaldoko Udala ere zuzenean jarri da harremanetan herriko pertsona nagusiekin. “Momentuz guztiak ari dira senideen laguntza jasotzen eta ez dute behar berezirik”, azaldu du Jabi Asurmendik.

Artziniegan, aldiz, 20 boluntario inguru batu dira udalak osatutako sarera. “Artziniegako herri eta auzo guztietako kideak daude”, nabarmendu du Unai Gotxi zinegotziak. Protokolo bat osatu dute jarraitu beharreko segurtasun neurriekin.

Hala ere, momentuz eskaera gutxi jaso dituzte, baina lasai daude, arrisku taldeetan zeuden bizilagunak egoera onean daudela ziurtatu dutelako.

Aiarako Udalak, aldiz, Arabako Foru Aldundiaren “Etxean zurekin” programa aktibatu du, etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko.

Elkarlaguntzaren garrantzia
Laguntza sareetan dabiltzan herritar guztiek jarri dute balioan bizilagunen arteko babesaren garrantzia. “Gauden egoera honetan gu ez bagara gure artean laguntzen, nork emango digu laguntza hori?”, galdetu du Aketze Ortiz de Zarete Barbarak.

Horregatik da garrantzitsua elkarlaguntza sustatzea, gazte laudioarraren ustez. “Modu horretan erosoagoa bilakatzen da guztion artean dugun harremana. Nik momentu txar batean lagundu bazaitut gero nik laguntza behar badut (egoera berdinean edo beste egoera batean) zu ni laguntzeko prest egongo zarelako”.

Horrelako sareen garrantzia nabarmendu du Ander Fernandez Amondok: “Zaintza erdigunean jartzen dutelako eta herritarren auto-antolakuntzaren eredu argia direlako”.

Antzeko iritzia du Aingeru Llano Piedrak. Zaintza lanak egitea esperientzia “gogorra” izan dela aipatu du gazteak, baina “positiboa” izan dela ere nabarmendu du, “asko gustatzen zait laguntzea, eta une honetan herriak lagunduta soilik salba dezake herria”.

Horrelako sareek etorkizunera begira eskaintzen dituzten abaguneak ere azpimarratu ditu Fernandezek, “komunitate eratzeko” aukera ematen dutelako. Horregatik, gazte laudioarrak eskualdeko jende orori luzatu nahi izan dio dauden ekimenetara batzeko gonbita. “Denok gure aletxoa jartzen badugu azkarrago amaituko dugu kontu honekin”.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide