ERREPORTAJEA

Eskualdeko ia igerileku guztiak, irekita

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 2a, 21:42

Irekita daude dagoeneko Urduña, Orozko eta Amurrioko udal igerilekuak, eta ostiral honetan iritsiko da Laudio eta Aiarakoen txanda. Hainbat segurtasun neurri ezarri dituzte azpiegiturak erabiltzeko.

Hasieran oso argi ez zegoen arren, azkenean eskualdeko ia igerileku guztiak egongo dira zabalik udan. Okondo izango da salbuespen bakarra. Bertako igerilekuak ez zabaltzea erabaki zuen udalak, herritarrak babesteko. “Zaila izango litzateke distantziak mantentzea, edukieraren muga kontrolatzea eta gunearen desinfekzio eta garbiketa eskakizunak betetzea”, azaldu du tokiko erakundeak.

Hiru igerileku zabalik

Momentuz eskualdeko hiru igerileku daude zabalduta, baina beste hainbatek datozen egunetan ekingo diote funtzionatzeari. Orozkoko igerilekuak izan ziren irekitzen lehenak. Ekainaren 22an zabaldu zituzten, 315 pertsonentzako gehienezko aforoarekin. Udalak automatikoki kontrolatuko du azpiegituren betetze maila. Pertsonak zenbatzeko sistema bat jarri dute horretarako kiroldegiaren sarreran, eta ikuspen artifizialeko teknologia ere baliatuko dute. “Orozko Zabaltzen” aplikazioan zabalduko dituzte datuak, igerilekuen okupazioaren ehunekoa zehaztuta. Modu horretan, bizilagunek aukera izango dute aldez aurretik jakiteko igerilekuan zenbat plaza libre geratzen diren.

Orozko, Amurrio eta Urduñako igerilekuak zabalik daude dagoeneko. Laudio eta Aiarakoak ostiralean jarriko dira martxan     

Amurrioko igerilekuak egun bat beranduago ireki ziren, hilaren 23an. Udalak azaldu du 1.200 pertsona sartzen direla azpiegituretan, baina edukiera %60ra jaitsi behar izan dutela. Hala ere, tokiko erakundeak nabarmendu du normalean jende gutxiago bertaratzen dela igerilekuetara. “Iaz, pertsona gehien egon zen egunean, 1.240 pertsona sartu ziren igerilekuetara egun osoan”. Gauzak hala, ez da aurretiazko hitzordurik eskatu behar igerilekuetara bertaratzeko, baina hainbat segurtasun neurri ezarri dira: gel hidroalkoholikoa banatu eta tenperatura neurtzen dute sarreran, eta ezin dira aldagelak, dutxak, armairuak edota iturriak erabili.

Listoi batzuen bidez kontrolatuko dute igerilekuetako edukiera, eta ordu-erdiko tarteak zehaztuko dira bainatzeko, ondoren desinfekzio lanak egingo direlako 10 minutuz. Horrez gain, aldagelak eta igerilekua itxita egongo dira 15:00etatik 16:00etara, garbitu eta desinfektatuko direlako. Urduñako igerilekuak, aldiz, iragan larunbatean ireki ziren. 11:30etik 20:30era egongo dira irekita egunero, irailaren 13ra arte. Hainbat segurtasun neurri ezarri dituzte azpiegituretan sartzeko. Sasoiko abonoak soilik onartuko dira. Hau da, ez da sarrerarik salduko. 

Ostiralean gehiago

Eskualdean dauden gainontzeko igerilekuak ostiral honetan -uztailak 3- zabalduko dituzte. Laudiokoetan erdira murriztuko dute edukiera. 1.000 pertsona egon ahalko dira gehienez kirol azpiegituretan. Kontrol sistema bat ezarriko dute hori bermatzeko, ordainagiri batzuen bidez. “Ordainagiri horiek zenbakituta egongo dira, erabiltzailea instalazioan sartu den eguna eta ordua adierazita ", azaldu du Joseba Amondo kirol zinegotziak. 

Jendea txandaka sartzea da asmoa. Hiru ordutegi-tarte zehaztu dituzte horretarako:  11:00-14:00, 14:00-17:00 eta 17:00-20:00. 14 urtetik gorakoek euro bat ordaindu beharko dute. Gazteagoek, aldiz, ez dute kuotarik ordaindu beharko. 

Artziniegako igerilekuetako obrak uztailaren 15ean amaituko dira

Zirkulazioaren noranzkoa marraztuko dute azpiegituretan, segurtasun-distantziak errazago bete ahal izateko. Horrez gain, udalak nabarmendu du ezingo direla erabili instalazio barruko armairuak, aldagelak, dutxak, altzari publikoak, bankuak, lehorgailuak edota iturriak. 

Aiarako igerilekuak ere larunbatean irekiko dira. Astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, 12:00etatik 21:00etara. Asteburu eta jaiegunetan, aldiz, ordubete lehenago irekiko dira. Urduñan bezala, harpidedun-txartela duten erabiltzaileak soilik sartu ahalko dira azpiegituretara.

Artziniegan, zalantzan

Artziniegako igerilekuena da oraindik argitzeke dagoen egoera bakarra. Obretan daude eta, aurreikuspenen arabera, uztailaren 15erako amaituko dira lan guztiak. Artziniegako Udalak adierazi du igerilekuak irekitzeko asmoa dutela, baina momentuz ezin dutela ezer ziurtatu, behin obrak amaituta segurtasun plana osatu beharko dutelako. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide