Uztailean Laudioko langile gazte baten heriotzaren lehen urteurrena bete da Tubacex enpresan, ia inork horri erreparatu gabe. Istripu horren ostean, beste laudioar bat zendu zen Amurrioko lantegian irailean.
Inork gutxik espero zuen ezbehar horiek urte beltz baten ataria izango zirela, gaur jakin izan baitugu taldeak 500 langile kaleratzeko asmoa duela.
Berez, giroa Aiaraldeko lantegietan gero eta beroagoa bilakatu da, Tubacexi dagokionez. Urrian greba eguna deitu zuten sindikatuek prebentzio eta segurtasun neurriak eskatzeko bi heriotzen ostean eta, bide batez, salatu zuten zein erraturik zeuden enpresak abiatutako egitasmoak. Esaterako, mimo bat jarri zuten lantegietan, segurtasun irizpideak betetzen ez zituzten beharginei "errieta" egiteko.
Kaleratzeak eta zigorrak detektibeak baliatuta
Otsailean gatazka piztu zen berriro, Tubacexek langile bat 60 egunez zigortu baitzuen. Enpresak argudiatu zuen bajan zegoelarik, besteak beste, erosketak egitera joan zela. Protestak antolatu ez ezik, sindikatuek epaitegira jo zuten ere erabakiaren kontra.
Gainera, Tubos Mecanicos Norte Murgako lantegiko beharginek grebara jo zuten, miseriako soldatak salatzeko.
Horren ondoren, COVID-19aren krisialdia heldu zen. Martxoaren 16an Amurrioko zenbait atal gelditu zituzten beharginek, birusaren zabalpena ekiditeko neurri eraginkorrik ez zegoelako. Langile batzordearen eta zuzendaritzaren arteko harremana gehiago tenkatu du horrek, Tubacexeko arduradunek etenaldi horren balioa sindikatuetako ordezkariek ordaintzea nahi dutelako.
Lan indarraren eta zuzendaritzaren arteko talka gehiago ekainean heldu ziren. Ekainaren 3an Tubacex enpresak langile bat kaleratu zuen. Hamaika modu izanik horretarako, erabaki zuen bere kideen aurrean egitea. Zehazki, lanaldiaren erdian, bere gauzak jasotzeko agindu zioten eta kontratua bertan behera utzi zuten.
Horretarako arrazoi nagusia izan zen, zuzendaritzaren arabera, ikerlari batek hartutako zenbait irudi, behargina bajan zegoen bitartean.
Handik 6 egunera beste langile baten kontratua bertan behera utzi zuen Tubacexek gauza bera argudiatuta. Kaleratzea ez zuen inor ezustean harrapatu. Izan ere, langileek badakite ikerlariak euren atzetik ibili direla. Are gehiago, batzuetan ikerlariak okertu dira eta bajan ez zegoen langileren bat jarraitu dute -bajan zegoenaren auzokidea zelako-, euren buruak agerian utzita.
Bi kaleratzeak salatu dituzte langile antolakundeek eta epaitegian daude kasuak.
10 lan egun gehiago aurten eta 9 orduko lanaldiak
Tentsioa pil-pilean zegoelarik, enpresak eta sindikatuek epaitegira jo zuten berriro ekainean. Tubacexek, enplegua erregulatzeko espedientea dela medio, 10 eguneko oporrak kendu nahi zizkien langileei eta epaileak horren alde egin du duela gutxi. Helegitea jarri dute beharginen antolakundeek erabakiaren kontra.
Horri gehitu beharra dago COVID-19aren garaian Tubacexek akordioa lortu zuela sindikatuekin, beharginek etxean geratzeko baimena izan zezaten soldata jasota. Orain zuzendaritzak ebatzi du ordu horiek berreskuratzeko langileek 9 orduko lanaldiak bete behar dituztela egunero.
Ondorioz, uztailean, enplegua erregulatzeko espedientean egonik, ordu bat gehiago egiten dute lan egunero. Hala ere, Tubacexek gaur jaurti du bere azken lehergailua eta soldatapean duen kolektiboaren %20a kaleratzeko asmoa iragarri du.
Laburbilduta, duela urtebeteko heriotzek ez dute balio izan zuzendaritzaren jarrera erasokorra leuntzeko, sendotzeko baizik. Langileen intimitatea inbaditu dute, lanaldiak luzatu dituzte, COVID-19aren garairik okerrenetan ere ekoizpena mantener dute, oporrak murriztu dituzte, diziplina kaleratzeak gauzatu dituzte eta, azkenik, ehunka behargin kalean uzteko mehatxua jarri dute mahai gainean.