Amurrio eta Laudioko merkatari elkarteek ere hartu dute parte eskualdea ekonomikoki suspertzeko Legebiltzarreko ponentzian

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 29a, 15:00

APILLeko, APYMCAko eta Laudio Group industria-elkarteko ordezkariak egon ziren Eusko Legebiltzarrean. / Unai Fernandez de Betoño

APILL, APYMCA eta Laudio Group elkarteek hartu zuten parte astelehenean Eusko Lebebiltzarreko ponentzian. Laudioko Arza industriaguneko zenbait ekipamenduren inguruan ere aritu ziren saioan.

Aurrera doa Eusko Legebiltzarrak Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko abian jarritako ponentziaren osaketa. Astelehenean -urtarrilak 25- Amurrio eta Laudioko merkatari eta industria elkarteak egon ziren Gasteizen, gaiaren inguruko analisi eta proposamenak mahaigaineratzen.

APILLek, APYMCAk eta Laudio Groupek eskualdearen egoera sozio-ekonomikoaren gaineko diagnostikoa aurkeztu zuten. Plazaratutako datuak eskualdeak bizi duen larritasunaren adierazle direla nabarmendu du Klaudio Perez Bardeci APILL merkatari-elkarteko kideak: "2019ko langabezia datua %15ekoa da, ikusteko dago 2020ak zer emaitza utzi dituen. Hori gutxi balitz, 2008tik hirugarren sektoreak enpresen %22 baino gehiago galdu du".

Hirugarren sektorearen garrantzia

Hirugarren sektoreak duen garrantzia azpimarratu zuten ponentziaren lantaldearen aurrean egindako agerraldian. Izan ere, sektoreak 2.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu eskualdean.

Hala, egoera ekonomikoa suspertzeko lerro estrategikoak aipatu zituzten. Zentzu horretan, hirugarren sektorea berraktibatzeko ekimenak beharrezkoak direla nabarmendu zuen Perez Bardecik: "Epe luzerako planak behar ditugu, tokiko merkataritza suspertuko duen hirigintza plan bat, merkataritzak ematen baitie herriei bizitza".

Horretarako, hainbat lan lerro abian jartzeko proposamenak egin zituzten, turismoa erakartzekoa besteak beste. "Gure kultur ondarea eta gastronomia ustiatu behar ditugu", azaldu du APILL elkarteko kudeatzaileak.

Laudioko Arza industriagunea eztabaidagai

Laudioko Arza industriaguneko bi ekipamendu tertziarioen inguruan eztabaidatu zuten ere Aiaraldeko ponentziaren asteleheneko saioan. Lidl saltokien ekipamendu logistikoa eta industriaguneko orube batean ezarri nahi den Mercadona saltokia dira bi ekipamendu horiek.

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkidearen ustetan, lurzoruen gabeziaz gain, trenbide sarearen gainbehera dago Lidlek Laudioko industriagunetik alde egiteko arrazoien artean. Izan ere, haren iritziz, "Euskal Y" deituriko abiadura handiko sareko lanak behin bukatuta areagotu egingo da RENFEren trenbide sarearen gainbehera. Halaber, Mercadona saltokiaren harira, zalantzak azaldu zituen Fernandez de Betoñok: “Ez dut oso bateragarri ikusten gertuko hirigintzaren aldeko diskurtsoa (oso egokia dena), industrialde periferikoetan ezarri nahi diren merkataritza-zentroekin. Kontrako ideiak ezin dira aldi berean sustatu, modu koherentean”. Gainontzeko alderdiek ez dute asteleheneko saioari buruzko adierazpenik egin.

Ponentzia aurrera

Horrenbestez, Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko ponentziak aurrera egiten jarraitzen du. Urtarrilaren 12an Aiaraldeko udalerrietako alkate eta teknikariek hartu zuten hitza, eta merkatari elkarteen diagnostiko eta gogoetak ere bilduta daude dagoeneko. Iragan irailaren 23an aurkeztu zuten egitasmoa, Laudioko kasinoan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide