Azken datuekin Laudio 479,54ko intzidentzia tasara ailegatu da. Iragan aste bukaeratik eremu gorrian sartzeko mehatxua du bere gain Aiaraldeko udalerri populatuenak; eta hika-mika handia sortu da herritarren artean, 500 kasu 100.000 biztanleko langa noiz gaindituko zain.
18.351 biztanlerekin Laudiok 92 kasu positibo metatu behar ditu azken 14 egunetan eremu gorrira jauzi egiteko. Gaur eguneratutako datuekin 88 COVID-19 gaixotu kontabilizatu dira herrian azken egunetan.
Gauzak horrela, gaur -otsailak 3- zortzi kasu egongo balira, Laudio eremu gorrian sartuko litzateke. Gaurko egunean -biharko txosteneqn- 8 positiboen langa gainditu ezean, asteazken eta osteguneko positiboen baturak 14 beharko luke udalerriko egoera sanitarioa kolorez aldatzeko.
Egoera lasaiagoa bizi du Amurriok. Eremu gorrian sartzeko 52 COVID-19 kasu positibo metatu behar ditu azken 14 egunetan. Datuei erreparatuta 25 gaixotu metatu ditu soilik, eta egoera egonkortuta dagoela dirudi.
Eremu gorrian
Udalerri bat eremu gorrian sartzen den unean dagoeneko indarrean dauden neurri murriztaileei beste baldintza batzuk gehitzen zaizkie:
- Ostalaritzaren eta apustu-etxeen itxiera eta kirol jarduerak taldean egiteko debekua.
- Etxeratze agindua 22:00etatik 6:00etara mantentzen da, eta kultura zein merkataritza jarduerek 21:00etan amaitu behar dute.
Herri txikien egoera
5.000 biztanletik beherako herrietan bestelakoak dira eremu gorrian sartzeko baldintzak. Laudio eta Amurrio ez diren Aiaraldeko gainontzeko udalerriei eragiten die egoera horrek.
Kasu horietan ez da nahikoa 500eko intzidentzia metatuaren tasa gainditzearekin. Horrez gain, beste bi baldintza bete behar dituzte udalerriek: Osasun eskualdeak ere 500 kasu 100.000 biztanleko ratioa gainditzea, eta azken zazpi egunetan 3 kasu edo gehiago kontabilizatzea.
Aiaraldeko udalerriak Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuaren baitan daude, oinarrizko bi eskualde sanitarioetan banatuta: Aiara eta Laudio. Bi zonalde horiek eremu laranjan daude oraindik 276,03 eta 445,50 intzidentzia tasa metatuarekin, hurrenez hurren.
Okondok, esaterako, 657,35 ratioa izan arren, tabernak zabalik ditu oraindik, osasun-eskualdea ez delako eremu gorrian sartu.
Urduña ere atzo arte egoera beretsuan egon da. Gainera Bizkaiko hiriak eremu gorrira sartzeko bigarren baldintza ere betetzen zuen, azken zazpi egunetan 12 COVID-19 kasu baitzituen.
Aiaraldean nahasmendu ugari sortu dituzte irizpide horiek guztiek. Artziniegako udalak herriko sarrerak itxi egin zituen urtarrilaren 13an, intzidentzia tasak 500 kasu 100.000 biztanleko langa gainditu zuelako. Udaletxeak, Lehendakariaren Dekretuaren, Ertzaintzaren eta EUDELen irizpideak jarraituz, bandoa plazaratu zuen herria perimetralki itxiko zela azaltzeko.Azkenean, bertan behera geratu ziren neurri horiek, Artziniegak 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako eta ez dituelako eremu gorrian sartzeko baldintza guztiak betetzen.