ERREPORTAJEA

Inauteriak Aiaraldean: kalejira egitarauak atzera, mozorro dinamikak "aurrera"

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 11a, 08:00
Aurten ez da mozorro kalejirarik egongo eskualdean. / Aiaraldea.eus

COVID-19 pandemiak eragindako osasun eta segurtasun neurrien ondorioz, ez da kalejira eta jairik egongo eskualdean aurten. Alabaina, mozorroekin apaintzeko zenbait ekintza egongo dira tokian toki.

Bereziak izango dira aurtengo inauteriak. Inauterietako mozorro lehiaketa guztiak bertan behera geratu dira koronabirusak sortutako pandemia dela-eta. Ondorioz, herri gehienetan ez dira jarduerak antolatuko. 

Ikastetxeak dira nagusiki mozorro jaiei eutsi dieten zentro edo eragile bakarrak. Horiek ere, ordea, osasun eta segurtasun neurri guztiak barne hartuta gauzatuko dituzte. "

Udalek atzera bota dituzte ohiko programak. Urduñan, Artziniegan, Okondon, Arrankudiaga-Zollon, Arakaldon, Laudion eta Amurrion ez da ekitaldirik egongo. Orozkon, aldiz, tiktok lehiaketa antolatu du udalak, Indumaren bidez.

Aiaran, ordea, bi tailer egongo dira asteburuan. Adinaren arabera bereiztu dituzte saioak, baina ordutegi bera izango dute: 17:00-19:00. Larunbatean -otsailaren 13an- Veneziako maskarak, animalienak eta superheroienak egiteko tailerra antolatu dute 4-8 urte bitartekoentzat Luiaondon. Igandean -otsailaren 14an- 9-15 urte artekoen txanda izango da, "photocallerako osagarri tailerra" egingo dute, bat-bateko argazki tailerra oinarri hartuta. Aiarako Udalak adierazi duenez, parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea info@aiarakoudala.eus helbidean (izen-abizena, telefonoa eta adina aipatu behar dira).

Eragileen ekimen solteak

Bestalde, badira dinamika propioak sustatu dituzten eragileak. Aiaraldea Komunikabideak, esaterako, mozorroen argazki lehiaketa antolatu du laugarrenez. Otsailaren 16ra arte aurkeztu ahalko dira irudiak, eta irakurleek erabakiko dute irudi irabazlea webguneko boto sistema bidez. Saria Laudioko Iluntze tabernarako 50 euroko afari bonoa izango da. 

Aiara Dantza taldeak, berriz, Euskal Herriko aratusteak oholtzaratuko ditu otsailaren 27an Amurrio Antzokian. Urtero antolatzen dute ikuskizun bat, eta pandemiak entsegu eta emanaldiak hankaz gora jarri dizkien arren, lan berria aurkeztuko dute hilabeteko azken igandean. Ohi gisa, bi emanaldi egongo dira, 16:30ean eta 19:00etan.

Sorginlarrenek, bestalde, herri aratusteen inguruko txostena osatu du, Arabako gaiekin. "Hainbat herrietako esperientziak eta ohiturak berrartu ahala horien atzean dauden balioak landu ditugu" azaldu du Ander Fernandez Montalbanek. Gida liburua irekia da, informazio bilaketa egin dute, "baina moldaketak egingo ditugu hurrengo urteetan zehar, ahalik eta osatuena uzteko txostena".

Sorginlarrenek herri aratusteen inguruko txostena osatu du, baina informazio bilketarekin jarraituko dute unitate didaktikoa sortzeko etorkizunean

Arabako 6 pertsonaiaren istorioak eta funtzioak kontatzen dituzte bertan, besteak beste. "Hezkuntza formalean lanketa egiteko ziklo desberdinetarako ariketak proposatzen ditugu, baita bestelako eremuetan baliatzekoak ere: Guraso Elkarte, aisialdi talde, gazteleku, gaztetxe eta abarretan aplikatu daitezke". Aurrera begira, tokiko aratusteen inguruan sakondu nahiko lukete. Hargatik, sorginlarren@gmail.com helbidera informazioa bidaltzeko eskaera luzatu dute.

Horrez gain, pertsonaia mitologikoetan oinarritutako dinamika abiatu zuten urtearen hasieran. Hala, mamotxorroen istorioa eta ezaugarriak ezagutarazi dituzte:

Kirikiño Aisialdi Taldeak, azkenik, gastronomia edo sukaldaritza tailerrera egokitu du bere jarduera, "negu amaierako tostadak" egiteko  errezeta proposatuta

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide