ANALISIA

Tubacex, sententziak ez dira enpresarientzat

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 16a, 12:01

Tubacexeko grebalarien mobilizazioa Gasteizen. / Aiaraldea

Tubacex taldeak ITPk irekitako bidea jarraitu eta gero, lan gatazka modu zibilizatuan amaitzeko atea itxi du, ez baititu kaleratutako langileak onartuko. Zuzendaritzaren jokaerak suizidioa badirudi ere, babes handia daukan estrategia da.

Aste honetan azaldu zien Tubacexeko zuzendaritzak sindikatuei kaleratutako beharginek ez zutela lantegietara itzultzeko aukerarik izango, eta etxean dauden bitartean kobratzen geratuko direla. Erabakiak ez zuen inor ezustean harrapatu, ITPko adibidea jarraitu baitu multinazionalak, baina lan gatazkaren itxiera txukuna ekidingo du.

Izan ere, enpresak argi eta garbi adierazi du bere asmoa epaiak ez betetzea dela, eta berriro proposatuko ditu “irteera negoziatuak”. Kaleratze horiek egiteko erraztasunak izango ditu Tubacexek. Izan ere, kaleratutako langile batzuek jadanik beste lanpostu bat topatu dute, eta gainerakoentzat denbora luzez etxean lan egin gabe egotea ez da etorkizun oso xamurra, aintzat hartuta urtebetea edo gehiago igaro daitekeela Auzitegi Gorenak helegitearen ebazpena atera arte. 

"Epaiketak galdu eta gero, Tubacexeko zuzendaritzak ahalegina egingo du kaleratzeak adosten, langileak etxean utzita, "mobbing" legala baliatuta"

Beste modu batean esanda, zuzendaritzak zirrikitu legalak baliatuko ditu “mobbing” legala abian jartzeko eta kaleratzeak atzeko atetik gauzatzeko.

Estrategia hori ezinezkoa litzateke erakunde publikoen babesik gabe, eta egun hauetan ez da Eusko Jaurlaritzaren aldetik inolako kritikarik entzun Tubacex enpresaren burugogorkeriari dagokionez. Hain legezalea den gobernuak beste alde batera begiratu du kasu honetan eta, aldiz, Arantza Tapia Sailburuaren ahotik errepikatu dira Tubacexeko arduradunek esandakoak: normalitate berrira itzuli behar dela (hau da, arruntatzat hartzea sententziak ez direla beteko), lantegia ahalik eta lasterren ireki behar dela... zuzendariek sindikatuei esandakoa, funtsean.

Polizia hainbat aldiz bidali dute lantegietara gutxi batzuen lana egiteko eskubidea bermatzeko, baina 129 kaleratuen eskubide bera ez da hain garrantzitsua, antza.

Zuzendaritzaren kudeaketa suizida

150 eguneko greba gaindituta, zuzendaritzak kudeaketa ezin okerragoa egin du pandemia hasi zenetik, arazo estrukturalak dituela antzezteko. Epaileek adierazi bezala, pandemia egoera ez zen Tubacexek esandakoa bezain larria izan. Alegia, enpresak uko egin zion Gizarte Segurantzako kargak ez ordaintzeko aukerari, etorkizun motzean kaleratzeak gauzatu ahal izate hutsagatik.

Hau da, kaleratzeak egiteko, ehunka langileren gizarte kargak ordaindu zituen enpresak eta, gainera, langile horiek guztiak bere gain geratu dira berriro, sententzien ondorioz. Etxean geratzera behartuko ditu enpresak, baina berdin kobratuko dute. Zentzurik gabeko bi erabaki.

Krisialdia, bai ala ez?

Tubacexek behin eta berriro errepikatu du bere sektorea -gasa eta petrolioa- trantsizio garaian dagoela eta moldatu beharra dagoela, langileak kaleratuta. Enpresaren norabidea eta errealitatea, ordea, kontraesankorrak dira baieztapen horrekin.

"Tubacexeko zuzendaritzaren kudeaketa suizida izan daiteke soilik estrategia hutsa beldurra eragiteko grebalarien artean"

Alde batetik, 2019an egungo egoera ezagutzen bazen, zergatik egin zuen apustu Tubacexek Ekialde Hurbileko enpresen erosketan, gasaren merkatuan sakontzeko (NTS taldea, hain zuzen)? Non daude energia berriztagarrien aldeko inbertsioak?

Bestetik, nola liteke Alvaro Videgain presidente ohiak, martxoan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean esatea eskarien zerrenda igo egin zela eta aldi berean aipatzea egitura krisia dagoela; noiz eta gasolina inoiz baino garestiagoa den unean? 

Kudeaketa suizida edo beldurra eragiteko estrategia?

Aste honetako bileran, zuzendaritzak beste iltze bat gehitu zion balizko hondamendi egoerari, ordainketak etetetik hurbil dagoela adierazita, nahiz eta duela gutxi ziurtatu 150 milioi euroko kutxa duela.

Ikus daitekeen moduan, Tubacexeko buruek mezu kontraesankorrak zabaltzen dituzte publikoaren arabera. Inbertsoreen eta merkatuaren aurrean osasun ekonomiko paregabea saltzen dute. Sindikatuen aurrean, aldiz, koadro ilun eta larria, greba mugagabeari bezeroen artean konfiantza falta sortzea leporatuta.

Zuzendaritzaren disonantziak bi azalpen ditu. Edo nahiago dute TTI eta Aceralava itxi harropuzkeria hutsagatik (bistakoa da legeari izkin egiten saiatuko direla ahal bezain beste, sententziak ez onartuta), edo grebalariak urratzeko azken beldur estrategia abiatu dute, lanuztea garaipen argia ekarri ez dezan.

Kasu batean zein bestean, langileek erabaki beharko dute zein den lan gatazkaren etorkizuna, enpresak ez baitu asmorik epe motzean akordiorik lortzeko, eta proposatu duen hurrengo negoziazio mahaia Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen inguruan hitz egiteko izango da zuzenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide