Ostiralean -irailak 3- proposamen bateratua aurkeztu zion Tubacexeko Enpresa Batzordeak multinazionalaren zuzendaritzari: mahaigainean dauden nahitaezko kaleratzeak albo batera uztea, Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea erretiratzea eta 2024ra arte enplegua mantentzeko konpromisoa hartzea, azpikontratazeari uko eginez. Langileek, euren aldetik, uko egingo liokete ere lan-hitzarmenean adostutako enplegua sortzeko konpromisoari. Proposamena onartu ezkero, Enpresa Batzordeak argi berdea emango lioke Tubacexek aplikatu nahi duen Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteari.
Tubacexen iritziz negoziaketa enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen negoziaketak eta dagoeneko 208 egunez luzatu den lan gatazkak ez dute zer ikusirik
Gaur burutu dute espediente berria negoziatzeko hirugarren bilera. Sindikatuek gaurko espero zuten multinazionalaren erantzuna eta honek ezezkoa eman die mahaigainean aurkeztutako neurriei. Tubacexen iritziz, espediente berriaren negoziaketak eta dagoeneko 208 egunez luzatu den lan gatazkak ez dute zer ikusirik.
Bihar egingo dute negoziaketa prozesu honi dagokion azken bilera. Aldaketarik ezean, irailaren 11tik aurrera aplikatu nahi du Tubacexek espediente berria. Honek hiru hilabeteko luzapena izango du, abenduaren 31ra arte, eta %70eko eragina.
Oporren auzia
Tubacexek langileei zor dizkien opor egunen inguruko proposamena ere jaso dute sindikatuek. Izan ere, enpresak ez du beharginen oporraldia errespetatu greba mugagabean zehar, eta egun horiek ordaintzeari uko egin zion lanuzteak irauten zuen bitartean. Hori dela eta, epaitegietara joko dute berriro ere langileek datozen irailaren 20 eta 27an.