Tubacexek atea itxi dio berriro lan gatazkaren konponbideari

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 7a, 23:48

Tubacexeko enpresa batzordeko kideak bilera batera sartzeko zain. / Aiaraldea.eus

Akordiorik gabe bukatu da enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen negoziaketa. Zuzendaritzak lan gatazka konpontzeko inolako borondaterik ez duela salatu du enpresa batzordeak.

Gaur burutu da enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteari buruzko azken bilera Tubacexeko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak.
Multinazionalak irailaren 11n bertan aplikatu nahi du espediente berria. Hau abenduaren 30era arte luzatuko  da eta %70eko eragina izango du.
Langileen ordezkariek proposamen bateratua aurkeztu zuten negoziaketa prozesuan: nahitaezko kaleratzeak albo batera uztea, Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea erretiratzea eta 2024ra arte enplegua mantentzeko konpromisoa hartzea, azpikontratazeari uko eginez. Langileek, euren aldetik, uko egingo liokete ere lan-hitzarmenean adostutako enplegua sortzeko konpromisoari. Proposamena onartuz gero, enpresa batzordeak oniritzia emango lioke Tubacexek aplikatu nahi duen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteari.

Multinazionalak ezezko borobila eman zion sindikatuen proposamenari, argudiatuta ez dutela zer ikusirik 210 egunez luzatu den lan gatazkak eta espediente berriaren negoziaketak. Gaurko bileran berretsi egin du bere jarrera sindikatuen akordio proposamena xantaiatzat joz.

Langileen ordezkariek azaldu dute, hain zuzen ere, lan gatazkaren konponbidea izan daitekeela enplegua  aldi baterako erregulatzeko espedientea, baldin eta neurri estruktural ez-traumatikoez laguntzen baldin bada, hots, kaleratzeak erretiratzen badira.

Akordiorik gabe

Gauzak horrela, akordiorik gabe bukatu da azken negoziaketa. Tubacexek espediente berria aplikatuko du etzi, eta beharginek grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dute: "plantillaren etorkizuna bermatuko duen akordio bat bilatzeko lanean".

Bien bitartean auzitegietara joko dute berriro irailaren 20 eta 27an. Izan ere, multinazionalak uko egin zion langileen opor egunak errespetatzeari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide