Enplegua aldi baterako erregulatzeko negoziaketak akordiorik gabe amaitu ostean, oharra plazaratu du gaur Tubacexeko zuzendaritzak balizko elkarrizketa bati aukera berri bat zabaldu nahian. Multinazionalak behin eta berriz defendatu du Espainiako Auzitegi Gorenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurka jarritako helegitea mantentzeko duen eskubidea, baina salbuespen bat jarri du mahaigainean: helegitea erretiratzeko prest agertu da baldin eta enpresa batzordeak "etorkizuna bermatuko duten neurri estrukturalak" onartzeko prest agertzen bada.
Tubacexek ez du inondik inora argitu zeintzuk diren aipatutako "neurri estrukturalak". Lan gatazka hasi zenetik mantendu duen errelatoari eutsi dio enpresak: Aiaraldeko fabrikek bizi duten egoera zaila estrukturala dela. Langileek, ordea, kontrakoa defendatu dute hilabete luzez, hots, egoera koiunturala dela eta horren aurrean kaleratzeak bezalako neurriek ez dutela tokirik. EAEko Justizia Auzitegi Gorenak ere bide berdinetik jo zuen kaleratzeak baliogabetzerakoan. Ondorioz, neurri koiunturalen aldeko apustua egin beharra zegoela nabarmendu zuten epaileek.
Tubacex helegitea erretiratzeko prest agertu da baldin eta enpresa batzordeak "etorkizuna bermatuko duten neurri estrukturalak" onartzeko prest agertzen bada
Neurri koiuntural horien artean, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea zen enpresa batzordeak defendatutako bideetako bat. Tubacexek, ordea, irailaren 11tik aurrera aplikatu nahi duen espediente berria konponbidearen bidean jarri beharrean, lan gatazkan are gehiago sakontzeko baliatu du.
Lan gatazkan zehar izandako elkarrizketarako borondatea azpimarratu du multinazionalak oharrean. Bi aldeen arteko bilkura guztiak, ordea, enpresa batzordeak bultzatu izan ditu.
Bihar elkartuko da Tubacexeko Enpresa Batzordea. Orduan espero da erantzuna ematea multinazionalaren azken adierazpenari.