Renfeko enpresa batzordeko sindikatuek prentsa ohar bidez salatu dute urriaren amaieran eta azaroaren hasieran gertatu diren hainbat eraso garraio publikoko trenetan. Erakundeek azpimarratu dute batzuetan "ganberroek", kristalak hautsi ez ezik, eserlekuak kendu eta trenak martxan zeuden bitartean leihoetatik bota dituztela.
Kalte horiek guztiek eragin dute enpresa publikoak "Ollargan dituen tailerrak lanez gainezka egotea eta hainbat zerbitzu bertan behera geratzea, C-3 linean bereziki, Bilbo eta Urduña lotzen duena".
Segurtasun falta
Sindikatuek gogor kritikatu dituzte erasoak, baina Renfeko zuzendaritzari egotzi diote ardura gehiena. Izan ere, batzordeak azpimarratu du azpiegiturak zaintza gabe daudela denbora luzez eta arazoa gaueko asialdiaren zabaltzearekin areagotu dela. Horrez gain, langile erakundeak ohartarazi du Renfek ez duela segurtasun arduradunik Bizkaian.
Tren zerbitzu gutxiago
Pandemiaren hasieratik Renfeko garraio zerbitzua nabarmen degradatu da. Urriaren amaierako erasoek bidaiarien aukerak murriztu dituzte C-3 linean mugitzeko orduan, baina aurretik hasiak ziren arazoak. Sindikatuek salatu dute pribatizazio saiakerak daudela horren atzean eta aipatu dute langileen falta biderkatzen ari dela.