Atzo arratsaldean Aretako herritar batek pozoi ugari aurkitu zuen hegaluze lata ireki batean, farmaziaren aurreko parkean, hain zuzen. Bizilagunak aurkikuntzaren berri eman zion Udaltzaingoari. Handik gutxira polizia bertaratu zen eta zaborrera bota zuen dena, oharra hartu ostean. Antza, animalirik edo gizakirik ez bada kaltetzen, ez da prozedurarik ireki behar, baina gertakaria jaso zuten agenteek.
Latarekin topo egin zuen herritarrak zabaldu du sare sozialetan jazotakoa. Izan ere, ez da lehen aldia horrelako ekintzaren bat gertatzen dela Aretan. Duela bost urte aretar batek bere txakurra albaitariarengana eraman behar izan zuen eraso baten ondorioz. Kasu horretan kalean zegoen janaria irentsi zuen animaliak eta baita barruan zegoen iltze bat ere. Ebakuntza behar izan zuen osatzeko.
Tamalez, horrelako gertakariak ohikoak dira eskualdean eta, esaterako, txakur bat hil zen Laudioko Zubiko Etxeko lorategian pozoindu eta gero. Horrez gain, iaz hiru txakur zendu ziren antzeko egoeran Gardea auzunean. Animalien kontrako azken erasoa Urduñan izan da, urrian bi katu tirokatu baitzituzten.