Osakidetzak gaur plazaratu du txosten epidemiologiko berria azken 3 eguneko datuekin, pandemiari dagokionez. Osasun sistema publikoaren azken komunikazioa ez da bereziki baikorra, guztira 19 positibo gehiago atzeman baititu. Erdia baino gehiago Laudion izan dira, baina beste udalerri batzuetan ere zabaldu da birusa.
Gaixo berriek eragina izan dute eskualdeko intzidentzia metatuaren tasan. Aiara jadanik eremu gorrian dago. Laudio ere oso hurbil kokatu da langa gainditzetik, 147,13an baitago eta muga 150ean ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Amurrion, Okondon eta Urduñan ere igo dira tasak.
Eremu gorrian egoteari dagokionez, aintzat hartu behar dira bi elementu. Alde batetik, neurri murriztaile gehigarriak ezartzen direla, gehienbat, ekitaldi jendetsuetan, baldin eta prebentzio neurriak ezin badira bermatu. Amurrion, adibidez, nahiz eta eremu gorrian ez egon, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna atzeratzea erabaki du udalak.
Bestalde, intzidentzia metatuaren tasa hain apala denez, eta Eudelek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, kontuan hartu behar dira bestelako elementuak, adibidez, eremu gorrian dagoen udalerriaren alboan dauden herrien osasun egoera. Izan ere, aurreko "olatuetan" neurri murriztaileak ezartzen ziren 5.000 biztanle edo gehiago zituzten udalerrietan, populazio gutxiagoko herrietan intzidentzia metatuaren tasak egoera desitxuratzen zuelako. Orain, kasu hori Aiaran jazotzen da, positibo gutxirekin eremu gorrian baitago.