PSE-EEk leporatu dio EH Bilduri Renfeko tren zerbitzuaren erreputazioa kaltetzea

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 2a, 07:00

Tren zerbitzua egokia dela defendatu dute sozialistek. / Aiaraldea.eus

EH Bilduk egin duen kanpaina kritikatu dute Amurrio eta Laudioko PSE-EEko zinegotziek eta aldarrikatu dute tren zerbitzua normaltasunera itzuli dela Aiaraldean.

PSE-EEk "oportunistatzat" jo du EH Bilduk azken asteotan egin duen salaketa kanpaina Renfeko C-3 lineako tren zerbitzua dela eta. Koalizioak elkarretaratzeak antolatu eta mozioak aurkeztu ditu hainbat udaletan eta zinegotzi sozialistek -David Romerok eta Loli Murielek- oharra plazaratu dute aldarrikatzeko Espainiako Gobernuak inbertsioa egin duela azpiegitura normaltasunera itzultzeko.

Romerok eta Murielek defendatu dute PSOEk konpromisoa erakutsi duela Aiaraldearekin, baina ez dute ukatu pandemian eragozpenak sortu zaizkiela erabiltzaileei. Hala ere, ukatu dute zerbitzua eten denik edo inbertsioak egiteari utzi zaionik

Kontratazioak eta lanak

Zentzu horretan, sozialistek aldarrikatu dute Aiaraldea izan dela Arabako lehen lurraldea zeinean pandemia aurreko zerbitzua berreskuratu den eta azpimarratu dute ahalegina egin dela horretarako: "58 gidari berri eta 34 agente komertzial kontratatu dira eta lan deialdi publikoa aurreikusi dute".

Inbertsioei dagokienez, zinegotziek aipatu dute Pedro Sanchez Moncloara heldu zenetik ia 5 milioi euroko gastua egin dela eskualdeko azpiegituretan; Urduña eta Amurrio arteko zubian, Amurrioko geltokiko irisgarritasunean eta Laudioko geltokiko modernizazioan, besteak beste.

Sabotajeak

Azkenik, PSE-EEko ordezkariek leporatu diote EH Bilduri ez duela aipamenik egin trenetan gertatu diren erasoei buruz. Berez, urrian zenbait sabotaje gertatu ziren C-3 linean eta horren ondorioz, 60 zerbitzu bertan behera geratu ziren. Gertakari horiek gaitzestu ordez, sozialistek uste dute koalizioak nahiago izan duela Renfeko erreputazioa kaltetzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide