EGITARAU GUZTIAK

Korrika kulturala, Aiaraldea eta euskara berotzeko prest

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 22a, 07:00

Korrika Kulturalak ekitaldiz jantziko du asteburua Aiaraldean. / Aiaraldea.eus

Urduñan, Arrankudiaga-Zollon, Laudion zein Amurrion egongo dira Korrika Kulturaleko ekintzak.

Ate joka dago 22. Korrika, eta eskualdea berotze ariketekin dago jada. AEK-ri zein euskarari bultzada emateko asmoz, herri gehienetan antolatu dute Korrika Kulturala. Aste bukaerari begira, 19 jarduera egongo dira orotara bailaran. Amurrion hasiko da aurtengo Korrika martxoaren 31n.  Lehenago, ordea, makina bat jarduera egingo dituzte Amurrion. Asteazken goizean, esaterako, 'Korrika kamiseta bidaiaria' hitzaldia eskainiko du Koldo Urkixo amurrioarrak herriko euskaltegian, 13:00etan. Igandean, aldiz, Arabako Euskarazko II. Futbol Topaketa egingo dute Refor industriagunean.

Arrankudiaga-Zollon,  aldiz, Aine bikote akustikoaren emanaldia eskainiko dute ostiralean, Zolloko bolatokian. Larunbatean, berriz, mendi ibilaldia antolatu dute Anbotora. Amaitzeko, Txondor gaztetxean Lockers taldearen kontzertua egongo da, 21:30ean.

Aine bikote akustikoa

Urduñan ere, jarduera ugari aurreikusi dituzte. Ostiralean Aioko itzal eta txontxongilo antzezlana egongo da 18:30ean Alondegian, eta apirilaren 1ean Ion Martinez 'Txiki' bakarlariaren emanaldia. Beatriz Elgezabalek hartuko dio lekukoa apirilaren 7an, Alondegian.

Laudion, ordea, asteburu osoko eskaintza osatu dute zenbait eragilek. 'Ugarte Korrika' ekimena egingo dute ostiralean, 17:30ean, auzoko plazatik abiatuta. Ostean, sendabelar tailerra eta Kalakaren egurrezko jolasak egongo dira Basoan. Larunbatean, ostera, mural margoketa, txokolate beroa eta buruhandiak bilakatuko dira 16:30etik aurrera basoko magia. Ipuin kontalariaren emanaldiarekin eta gazte olinpiadekin emango diote amaiera zapatuari, eta Irune Urkixok zein Yogurinha Borovak ere abestuko dute 20:00etan. Igandean, baina, Ermualdera egingo dute mendi txangoa, 9:00etan Ugarteko plazatik aterata.

Ugarteko Korrika Kulturala

Faktorian, bestalde, kantu afaria antolatu dute barikuan, 21:00etan. Laudio Ikastolak ere prestatu du egitaraua:  umeentzako tailerrak eskainiko dituzte larunbatean 12:00etan Herriko plazan.

Kantu afaria

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide