Lau gorroto delituren berri jaso zuen Ertzaintzak 2021ean Aiaraldean. Hala jaso du poliziak EAEko gorroto-gertakariei buruzko memorian.
Txosten horren arabera, Amurrion jazo ziren lau erasoak. Horrez gain, Laudioko bi pertsonari egotzi zieten gorroto delituak egitea, eta Aiara eta Laudioko pertsona banak pairatu zituzten mota horretako erasoak.
Hala ere, txostenak ez du zehazten harremanik dagoen Amurrion egondako lau erasoen eta inputatutako bi laudioarren artean. Era berean, dokumentuak ez du argitzen ezta Laudio eta Aiarako bizilagun horiek pairatutako erasoak Amurrion jazotako lau horien artean dauden.
Delituen nolakotasuna ere ez da aipatzen. Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez, ez dute datu gehiagorik ematen “herri txikietan delitu horiek jasan dituzten pertsonek biktmizazio bikoitza jasan dezaketelako”.
Abuztuko eraso homofoboa
Hala ere, Ertzaintzaren txostenean agertzen den kasuetako bat Amurrion abuztuan (herriko jaietan) gertatutako eraso homofoboa dela ondorioztatu daiteke. Aiarako gazte batek pairatu zuen erasoa taberna batean, kuadrilla baten eskutik.
Kasuak oihartzun zabala izan zuen. Amurrio eta Aiarako udalek adierazpen instituzionalak plazaratu zituzten gertakaria salatzeko eta elkarretaratze jendetsuak egin ziren bi herrietan:
Ertzaintzaren memoriak aipamen zuzena egiten dio Amurrioko kasu horri, "Prentsan nabarmendu diren kasuei" lotutako eranskinean.
Egoera orokorra
EAEn 279 gorroto-delitu erregistratu ditu Ertzaintzak guztira. Kasu gehienak -162- eraso arrazista eta xenofoboak izan ziren, eta beste 73 sexu-identitatearen aurkakoak izan ziren. Eraso ohikoenak fisikoak izan ziren, eta erasotzailearen perfila ere zehaztu du Ertzaintzak: gizona, jatorri euskaldunekoa eta 35 urtekoa batazbeste.
Azken urteetako kasuak
2020an 7 kasu erregistratu ziren eskualdean. Orduan ere, Amurrion izan ziren gehienak, 5 guztira. Aiaran eta Laudion, aldiz, bana erregistratu ziren.
Aurreko urteetan ere egon dira beste hainbat kasu. Artziniegako jaietan bi eraso lesbofobo salatu zituzten 2019an. Bi urte lehenago, aldiz, CD Orduñak eta Indartsu Klubak adierazpen bateratua argitaratu zuten, lehen taldeko jokalariek partida batean jasotako irain eta mehatxu homofobo, arrazista eta xenofoboak zirela eta.
2019ko urtarrilean oso bestelako jazo zen Lezaman: Polizia Nazional ohi bat atxilotu zuten, Ezker Abertzaleko familia baten etxearen aurka tiro egitea egotzita. Hainbat mobilizazio egin ziren, gertatutakoaren atzean gorrotozko delitua zegoela nabarmentzeko, bainabermerik ordaindu gabe aske geratu zen atxilotua, eta ez zioten delitu hori egotzi. Tiro egitea eta legez kanpoko armak izatea leporatu zioten soilik epaileak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!