Duela urtebete Tubacexeko zuzendaritzak adierazi zien Laudio eta Amurrioko lantegietako grebalariei protestak arriskuan jartzen zuela fabrika horien etorkizuna. Egun, ordea, enpresaren emaitzek pandemia aurreko etekinak gainditu dituzte eta 2025ean 1.000 milioi euroko fakturazioa lortzea dute helburu.
Horrela azaldu diete gaur konpainiako buruek hainbat hedabideri akziodunen batzarra hasi baino lehen. Agerraldi horretan, Jesus Esmoris kontseilari delegatuak ziurtatu du espero dutela 2019ko emaitzak hobetzea aurten eta azaldu dute 2025ean 1.000 euroko salmentak bete nahi dituztela. Horrek suposatzen du egungo eskaera zorroa bikoiztea.
Enpresako zuzendaritzak baztertu du epe motzean kaleratzeak edo kontratazioak egitea Amurrio eta Laudioko lantegietan.
Finean, iaz enpresaren etorkizuna kolokan zegoela esan ostean, gaur etorkizun oparoa aurreikusi dute.
Laudio eta Amurrioko lantegiak
Antza, eskualdeko fabriken egoera hizpide izan da prentsaurrekoan. Alde batetik, zuzendaritzako kideek baloratu dute greba amaitzeko akordioaren ostean hemengo lantegiak lehiakorragoak direla, soldatak mantentzea adostu baitzuten. Halaber, Aiaraldean jende gehiago kaleratzea edo kontratatzea baztertu dute.
Etorkizuna
Datorren urteetan ekoizpen eredua aldatzeko, konpainiako arduradunek esan dute gasaren eta petrolioaren merkatuen garrantzia murriztu nahi dutela. Alde batetik, gutxiago ekoiztuko dute, baina balio gehigarriarekin. Bestetik, sektore ezberdinetan inbertsioak egiteko beharra iradoki dute: hidrogenoa, botikak edota autoen produkzioa, esaterako.