Bi eraso matxista salatu berri ditu Otsemeakek. Bi kasuen lekukotzak bildu ditu Amurrioko talde feministak, 'Entzun Gaitzatela' dinamikaren bidez.
Sare sozialetan azaldu dutenez, lehen erasoa Amurrion gertatu zen, larunbat gau batean. Horrela dio talde feministak jasotako lekukotzak:
"Kontzertuan nengoela, txisa egitera joan nintzen parkera eta ikusi nuen mutil bat nire atzetik zetorrela, ez nion garrantzi handirik eman eta nabaritu nuen gero eta hurbilago zegoela, eta hasi zen niri gauzak esaten:
-Estoy deseando ver como te bajas los pantalones. Ojalá poder tocarte entera.
Hori dena bere eskua praka barrutik sartzen eta niri esaten:
-Me estás poniendo mucho, me pones muy cachondo..."
Otsemeakek zehaztu duenez, erasoa salatu duen neskak* 20 urte ditu, eta erasotzailea 16-30 urte arteko gizon bat da.
Bigarren erasoa era Amurrion gertatu zen, baina egunez, arratsaldeko bostak aldera. Hala dio erasoaren lekukotzak:
"Arratsaldeko bostetan, egun argiz eta Amurrio erdialdean. Oinez nindoala ahots bat entzun dut urrunetik, burua biratu eta jarraian 'oleeee' entzun dut. Harrituta berriro begiratu eta “guaaaapa” bota du gizonak...
...Oraingoan ez naiz beldur izan. Agian egunargiz izan delako, agian gizona bistaz ezagutzen dudalako, agian gaur indartsu harrapatu nauelako, auskalo!
Hatzamarra erakustera ausartu egin naiz...
..Gaurkoak tontakeria bat eman dezake askorentzako, baina eraso minimoa ere salatu behar dugula uste dut, eraso handienak ere txikienekin hasten direlako".
Talde feministak zehaztu duenez, bigarren kasu hau salatu duen emakumeak* 32 urte ditu, eta erasoa 31-65 urte arteko gizon batek egin du.
ADI! ADI!
— OTSEMEAK! (@Otsemeak) June 23, 2022
BESTE 2 ERASO ESKUALDEAN!
YA VALE HOSTIA!
[ TESTIGANTZAK HEMEN ] pic.twitter.com/NeJCUlIm1I
Eraso ugari
Iazko udazkenean abiatu zuen Otsemeak taldeak 'Entzun gaitzatela' dinamika, herrian jazotzen diren eraso matxistak salatu eta ikustarazteko. Galdetegi anonimo bat baliatzen dute horretarako. Modu horretan, hainbat kasuren berri jaso du talde feministak azken hilabeteetan, eta mobilizazioak ere antolatu dituzte horiei erantzuna emateko.