Azaroaren 7an goizeko 11:15ean Gasteizen epaiketa izango du Tubacex enpresako grebalarietako batek. Emakumezkoak 15 hilabeteko kartzela zigor eskaerari egingo dio aurre, agintaritzaren kontrako erasoa egotzi baitio Ertzaintzak. Zehazki, poliziak argudiatu du ertzain bat astindu zuela eta bularrean ukabilkada eman ziola.
Tubacexeko langileak, ordea, akusazioa faltsutzat jo du eta gogoratu du Ertzaintzak hasi zituela istiluak. "Nik ez nuen ukitu, berak jo ninduen lehenik eta behin, eskuan, eta berarengana joan nintzenean aurpegiratzeko kolpea eman zidala, atxilotu ninduten. Gainera, ezkutua zuen ertzainak, nola eman nion bularrean?"
Zipaioak kargatzen ari dira, epaitegiaren kanpoan elkartasuna adierazten ari zen jendearen kontra.
— Maddi Isasi Azkarraga (@maddisasi) June 17, 2021
Hau izugarria da, herri erdian eta epaitegien aurrean ere ez dira lotsatzen! pic.twitter.com/t1925FWz5N
Bide batez, emakumeak azpimarratu du lesioak izan zituen bakarra bera izan zela: "Eskua inmobilizatu behar izan zidaten, porrarekin jasotako kolpearen ondorioz hatzamar bat puztu zitzaidan eta. Horrez gain, atxilotzen ninduten bitartean tira-bira izan zuten nire lankideekin eta beste kolpe bat jaso nuen lepoan. Horren ostean tiraka eraman ninduten".
Langileak jakinarazi du epaiketa hurbildu ahala, gertatutakoa salatzeko ekimenak egingo dituztela.
Istiluak
2021eko ekainaren 17an jazo ziren poliziaren oldarraldiak Amurrioko epaitegiaren aurrean. Tubacexeko grebalariek elkarretaratzea deitu zuten egun horretan, martxoaren 25ean piketean parte hartzegatik hiru lagunek deklaratu behar baitzuten.
Tubacex enpresako langile bat atxilotu ostean, Amurrioko epaitegiaren aurrean Ertzaintzako Brigada Mugikorreko agente gehiago agertu dira. Berriro oldartu dira. Hemen azken kargaren aurreko irudiak. pic.twitter.com/8l1cZ5uPiE
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 17, 2021
Beharginek epaitegiaren aurrean dagoen espaloia erabiltzen ari ziren, maiatzean egindako kontzentrazioan bezala, eta Ertzaintzak agindu zien handik kentzeko. Langileek ez zutenez hori egin, argudiatuta hilabete lehenago leku berean egon zirela arazo barik, bi aldiz jo zuten ertzainek euren aurka eta hainbat lagun zauritu zituzten, grebalari bat atxilotzeaz gain.
Ekainaren 19an elkarrizketatu zuen Aiaraldea Komunikabideak atxilotutako langileak bere bertsioa azaltzeko. Gainera, Txabi Alvarado kazetariak liskarren inguruko iritzi artikulua plazaratu zuen hurrengo egunean.
Ertzaintzaren kargen ondorioz hainbat langile zaurituak izan dira, eta osasun-zerbitzuetara jo behar izan dute. pic.twitter.com/BCqWUaP7IL
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 17, 2021