“Errepresioak ez du mugarik, eta Aiaraldea osoaren elkartasuna ere bildu nahi du”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 3a, 18:44

Tubacexeko Laudioko lantegiaren aurrean egin dute agerraldia. / Aiaraldea.eus

Agerraldia egin dute gaur Tubacexen Laudioko fabrikaren aurrean Aintzane Mendiari elkartasuna adierazteko. Langileak datorren astelehenean deklaratu beharko du Gasteizko epaitegian, eta mobilizazioa egingo dute berari babesa eman eta egoera salatzeko. 

Agerraldia egin dute gaur Bizkaiko Metalgintzako, PCBko, Petronorreko eta Tubacexeko gatazkengatik inpuntatutako langileek Laudion. Aintzane Mendiari elkartasuna adieraztea izan da ekimenaren xede nagusia, langile horrek datorren astelehenean deklaratu beharko baitu Gasteizko epaitegian, Tubacexeko greba mugagabean atxilotua izan ostean

Orain arte egondako bestelako inputazioen logika bera du Mendiarenak ere, agerraldian salatu dutenez: “horrelako jardueren helburua da langileak jazartzea, kriminalizatzea eta beldurtzea, egunero langile-klasearen eskubideen aurka egiten duen patronal gupidagabeari aurre egiteari uko egin diezaiogun”.

Horri lotuta, langileek nabarmendu dute kasu horiek ez direla gertakari isolatuak. Euren hitzetan, patronalak “lankidetza estua” du Eusko Jaurlaritzarekin, eta honek Ertzaintza bidaltzen du “protesta zilegiak erreprimitzera”, ondoren autoak egiteko, “gaur hemen salatzen ditugunak bezain ondorio larriekin”. 

Horren aurrean, lan gatazketan inputatuak izan diren beharginek ziurtatu dute enplegua eta lan-baldintzak baino ez dituztela defendatu, eta aldarrikatu dute borroka dela langileek duten “mekanismo bakarra inpozisioari, prekarietateari eta pobreziari aurre egiteko, eta patronalaren aurrean negoziazioan presio-gaitasun handiagoa izateko”. 

Euren ustez, horren “adibide argia” da Aintzane Mendiaren kasua: “Gogoratu nahi dugu Tubacexek enpresaren bideragarritasunerako eta etorkizunerako 129 langile kaleratzea ezinbestekoa zela esan zuela. Langileen borroka eta determinazioa izan zen kaleratze horiek saihestu zituen gauza bakarra”.

Multinazionalak iragan astean iragarritako 17 milioi euroko irabaziak ere izan dituzte hizpide. Langileen ustez, albiste horrek “argi” erakusten du enpresa gezurretan ari zela, “eta larriena da gatazkan Eusko Jaurlaritza eta erakundeak zuzendaritzaren alde jarri zirela, zuzendaritzaren argudioak bereak eginez eta gatazka kriminalizatuz eta zapalduz”. 

Horrez gain, nabarmendu dute Mendiarena ez dela Tubacexeko greba mugagabeari lotutako prozesu judizial bakarra. Gogoarazi dutenez, Tubacexeko langile batzuek eta eskualdeko gazte batzuek ere deklaratu behar izan dute, “euren aurkako inpuntazio larriekin”: “Errepresioak ez du mugarik, eta Aiaraldea osoaren elkartasuna ere bildu nahi du, hori funtsezkoa izan baitzen kaleratze kolektiboaren aurkako borrokan”. 

Mobilizazioa Gasteizen astelehenean

Bukatzeko, deialdia zabaldu dute langileek: mobilizazioa egingo dute datorren astelehenean, azaroak 7, Gasteizko Zigor Arloko 1. zenbakiko epaitegiaren aurrean, 10:30ean, “Aintzane zurekin gaude, borroka ez da delitu” lemapean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide