Iragan asteartetik itxita dago Aiaraldea Komunikabidearen Twitch kontua. Ezin da bertara sartu eta ezin dira bertan zeuden ikus-entzunezkoak ikusi.
Urtarrilaren 3ko iluntzean jaso zuen komunikabideak Twitch sare sozialaren mezua, esanez kontua bertan behera utzi zutela komunitate irizpideak "modu larrian edo behin baino gehiagotan" urratzeagatik.
Zehazki, kontua boot edo spam moduan erabiltzea leporatu diote Aiaraldea Komunikabideari. Hedabideak zuzeneko edukiak plazaratu ditu orain arte Twitchen; azkena, urte amaieran: Arkaitz Eskuza pilotariari eginiko elkarrizketa. Gauzak hala, helegitea jarri du komunikabideak, eta erantzunaren zain dago.
Sare sozialen hackeoa
Orain gertatutakoa ez da kontu berria. Irailean Aiaraldea Komunikabidearen hainbat sare sozial hackeatu zituzten eta, ondorioz, komunikabidearen kanala itxi zuen YouTubek.
Kasu horretan, hackeoa egin zutenek kriptotxanponei buruzko zuzenekoa abiarazi zuten komunikabidearen kanalean, eta horregatik itxi zuen kontua YouTubek. Zorionez, kontua eta bertako bideo guztiak berreskuratzea lortu zuen komunikabideak azaroan, hainbat ezohiko tramite egin ostean.
Gauzak hala, posiblea da Twitchen kanalaren atzean ere hackeo kasu bat egotea. Modu batean edo bestean, Aiaraldea Komunikabideak lanean jarraituko du Twitch kontuan ahalik eta lasterren berriz martxan egon dadin. Bien bitartean, Aiaraldea.eus atarian eta Youtuben jarraitu ahalko dira zuzeneko emisioak.