ANALISIA

Aiaraldean agertzen ari da krisi energetikoaren izebergaren tontorra

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 13a, 07:15
Jesuriko parke eolikoaren proiektuaren aurka eginiko martxa. / Aitor Burgoa

2022an energia krisiak lehen lerrora egin du jauzi eta Aiaraldean horri lotutako proiektuak eta erresistentziak ere areagotu dira.

Duela ez horrenbeste urte energia krisia (klima aldaketa bezala) mamu urrun bat baino ez zen, eta borondate oneko diskurtsoetan baino ez zen aipatzen, oro har. 2022. urtea, ordea, mugarria izan da aipatutako bi errealitate horiei dagokienez. Tenperaturen igoera lehortearen tamainakoa izan da, eta Ukrainako gerra zein elektrizitate eta erregaien prezioaren gorakada meteorikoak zaplazteko baten moduan agertu dira gizartearen kezken artean.

Horrek guztiak gertakari larri horien aurrean utzi du jendea eta eztabaida korapilatsua ekarri du eskualdeko herrietara. Izan ere, 2021ean hiru parke eolikoen berri eman bazen, orain horietara gehituko den beste bat eraikitzeko aukera aztertzen ari da Delta Power enpresa, Orozko eta Zeberio artean. Hortaz, hainbat aerosorgailu kokatu nahi dituzte Orozkoko bi tokitan eta Gorobelgo beste bitan. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Ganekogortan ere parke eolikoak eraikitzea aurreikusi du bere Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapen dokumentuan.

Erresistentziak

Aldi berean, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak bere jarduerari ekin dio modu indartsuan, informazio kanpainak, bilerak edota mendi ibilaldiak sustatuz egitasmo horien kontra. Berez, energia berriztagarrien kontra egotea ez dirudi zentzuzkoa etorkizuna kolore iluna hartzen ari den garai hauetan, baina proiektu horien aurkarien argudioak ez dira, inondik inora, funtsik gabekoak.

Alde batetik, aipatutako plataformak aldarrikatu du zentral eolikoek eremu naturalen industrializazioa ekarriko dutela, bestelako erabilerak (lehen sektorera lotutakoak, besteak beste) aurrera eramatea eragotzita. Ez da ahaztu behar parkeetarako bideak eta bestelako azpiegiturak eraiki beharko direla, errotak behin betiko egongo direla hor, nahiz eta matxuratu edo erori, hegaztien bioaniztasunari eragingo diotela, hainbat animalia hilko dituztelako euren palek...

Bestetik, alarma gorria piztu duen beste arlo bat ‘Tapia Legea’ deiturikoa izan da. Alegia, udalei interes publikoko egitasmoei kontra egiteko eskumena kendu dien lege erreforma, Arantxa Tapia Ekonomia Sailburuak sustatutakoa. Erabaki hori, Aiaraldeko plataformarentzat, jokaldia izan da betiko enpresek (Iberdrolak, Endesak, Mobilek… hirurek Delta Powerren parte hartzen dute, esaterako) proiektu energetiko berriak mozkinak sortzeko asmoz bultzatzeko, eta ez trantsizio energetikorako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide