Aurkeztu egn dute Itzuliaren aurtengo edizioko ibilbidea, eta Euskal Herriko txirrindularitza lasterketa garrantzitsuenak apirilaren 6an zeharkatuko ditu eskualdeko errepideak.
Hain zuzen ere, lasterketaren 4. jardunaldiko protagonista izango da Aiaraldea, eta tropelak tokiko udalerri gehienak bisitatuko ditu.
4. jardunaldia
4. jardunaldia Santurtzin hasi eta Santurtzin bukatuko den 175,7 kilometroko ibilbidea izango da. Tropela lehenengo kilometroetan sartuko da Aiaraldean, Malkuartuko mendatea igoz.
Urduñara joko du orduan lasterketak, Laudio eta Amurrio igarotzeko. Bertatik Arespalditza eta Artziniegara egingo dute txirrindulariek, eta Santa Koloma mendatean utziko dute atzean Aiaraldea.
Antolatzaileek, ordea, lehia Enkarterrietako mendateetan aurreikusi dute: "Azken partean, La Asturiana mendatea igo eta Zugaztietara jaitsiko dira, eta, aurreko urteetan bezala, azken zati hori erabakigarria izan daiteke" azaldu dute etapen aurkezpenean.
Aiaraldeko errepideak lehiaren epizentro izango ez diren arren, bide bazterretatik txirrindularitzaren ikuskizunaz gozatzeko oso aproposak izango dira.
Itzulia Aiaraldean
Itzuliaren azken bi edizioek, ordea, lehia bizia ekarri izan dute eskualdera. 2022ko lasterketako 3. jardunaldia Laudion hasi eta Amurrion bukatu zen. Etapak birritan zeharkatu zuen Erbi eta Ozeka lotzen dituen errepide malkartsua, txirrindularitza zaleen artean "El Mortirolillo" bezala ezaguna.
Marea laranja elkartu zen bertan, Pello Bilbaok irabazi zuen etapa ikusgarriaz gozatzeko.
Urtebete lehenago, 2021eko edizioan egundoko gozamena izan zuten txirrindularitza zaletuek. Amurrion hasi eta Laudioko Ermualden bukatu zen etapa.
Ermualdeko mendateko maldetan herritar ugari elkartu ziren. Lehia bizia izan zen azken unera arte, eta Tadej Pogačar esloveniarra igo zen podiumera.