Oso emaitza onak izan zituen Tubos Reunidosek iaz, eta hori argi islatu da konpainiako zuzendaritzako eta administrazio kontseiluko kideen soldata eta dietetan, gorakada nabarmena egon baita aurreko urtearekiko, enpresak berak Espainiako Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean aditzera eman duenez.
4.111.000 euro banatu zituzten 2022an guztira 24 pertsonen artean, aurreko urtean baino 1,24 milioi euro gehiago. Aipatzekoa da baita 24 pertsona horietako 5 baino ez direla emakumezkoak.
2,8 milioi euro zuzendaritzako kideen artean
Zuzendaritzako 12 kideek 2.801.000 euro jaso zituzten guztira 2022an, aurreko urtean 1.757.000 euro jaso zituzten bitartean. Enpresaren txostenak ez du zehazten zenbat diru jaso zuen bakoitzak, baina zuzendaritzako kideen izen-abizenak eta karguak zerrendatzen ditu:
- Koldo Lasala Urruticoechea (Pertsona, prebentzio eta osasun zuzendaria)
- Carlos Lopez de las Heras (Zuzendari nagusia)
- Iñigo Urrutikoetxea Portugal (Zuzendari komertziala)
- Anton Pipaon Palacio (Jasangarritasun eta nagozio garapen zuzendaria)
- Alberto Santamaria Rubio (Barne kontu-ikuskapen zuzendaria)
- Andoni Jugo Orrantia (Mill tutuen industria zuzendaria)
- Inez Nuñez De La Parte (Kontseiluko idazkaria eta aholkularitza juridikoko zuzendaria)
- Francesc Ribas Collel (Tubos Reunidos Americako zuzendaria)
- Jon Bikandi Iturbe (Mill produktuen industria zuzendaria)
- Ignacio Baron Lopez (Finantza zuzendaria)
- Jagoba Hernandez Arbulu (Supply Chain zuzendaria)
- Sergio Saenz Arbulu (Eraldaketa digitaleko zuzendaria)
1,3 milioi Administrazio kontseiluan
Administrazio kontseiluko kideek, aldiz, 1.310.000 euro jaso zituzten guztira soldata eta dietetan, aurreko urtean 1.109.000 euro jaso zituzten bitartean. Kasu honetan bai zehazten dela bakoitzaren zenbatekoa:
Hala ere, kontuan hartu behar da kontseilarietako Tubos Reunidosen akziodun esanguratsuak direla, eta modu horretan ere jasotzen dutela dirua, dibidendoak banatzen direnean.
Langileak, bitartean, KPIa eguneratzeko borrokan
Horri lotuta, gogoratu beharra dago Tubos Reunidoseko langileek hainbat borrokaldi piztu behar izan zituztela iaz, euren soldatak Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) arabera eguneratzeko, besteak beste. Soldata igotzea izan zen baita metalaren sektorean deitutako greba egunen aldarri nagusietako bat. Amurrioko lantegiko beharginek 2017tik zeramaten eguneraketak jaso gabe, bizitzaren garestitzeak marka historikoak gainditzen zituen bitartean.