Gaurko bileraren ostean, Tubos Reunidos enpresako sindikatu gehienek aurreakordioa adostu dute zuzendaritzarekin. Zehazki, LABek, CCOOk eta UGTk hitzartu dute konpainiako arduradunekin langileek Kontsumo Prezio Indizeen ordainketak jasoko dituztela lan hitzarmena iraungi zenetik, hau da, 2017tik.
Hain zuzen, 2017ko eta 2018ko KPI, %1 eta %1,1 hurrenez hurren, aurtengo urrian jasoko dute. 2019ko KPI, %1,2, 2023ko apirilean kitatuko da eta 2020koa, %0, 2023ko uztailean.
2021eko KPI negoziatuko da lan hitzarmenaren barruan eta hori sinatu ostean kobratuko dute, hain zuzen, 2023ko urrian eta abenduan. Enpresak iaz abenduan 500 euro aurreratu zien beharginei 2021eko KPIren harira, eta adosten dutenaren arabera, falta dena osatuko beharko du.
Maiatzean ekingo diote zuzendaritzak eta sindikatuek lan hitzarmena negoziatzeari.
Hori guztia zehazteko maiatzean ekingo diote negoziatzeari eta bi puntu sinatu dituzte elkarrizketa horietarako. Alde batetik, langileek erosketa gaitasunik ez dutela galduko. Bestetik, fede onez negoziatuko dela lehiakortasuna hobetzeko eta konpainiaren iraunkortasuna bermatzeko.
Lanuzteak bertan behera eta batzar orokorra
Akordioaren ondorioz, gaur eta biharko lanuzteak bertan behera geratu dira. Halaber, langileek batzarra egingo dute otsailaren 15ean adostutakoari buruz bozkatzeko.
Bere ezezkoa argudiatzeko orduan, ELAk aipatu du ez duela babesten 2021eko KPIren ordainketa lan hitzarmenaren negoziazio barruan kokatzea. "Enpresak baliatuko du hori guri xantaia egiteko eta bere exijentziak inposatzen saiatzeko hitzarmenean" arrazoitu du sindikatuak. Bestalde, ESK sindikatuak bere kideen artean zabaldutako mezuan argitu du bere aburuz, akatsa dela negoziazioak atzeratzea maiatzera arte, enpresak zenbait produkzio helburu beteko baititu ordurako.
Enplegua erregulatzeko 8 espediente azken urteetan
SEPIk 112 milioi eurokokreditua eskaini eta zenbait aldaketa iragarri arren, enpresak urte oso gorabeheratsuak izan ditu azkenaldian eta langileek enplegua erregulatzeko 8 espediente izan dituzte. Hortaz, euren erosketa ahalmena murriztu da ez soilik KPIgatik, baita egun askoz gutxiago lan egin dutelako.