Etxaurren Ikastolako haurren %90ek greba egin dute, Guraso Elkartearen hitzetan

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 11a, 14:12

Guraso Elkartearen aburuz Eusko Jaurlaritza eta garraio enpresak dira egoeraren erantzuleak. / Etxaurren Ikastolako Guraso Elkartea

Joan den ostegunean hasi zituzten Etxaurren Ikastolako haurrek eskolak, artean eskola-garraio zerbitzurik gabe. Ostiralean auto-karabana egin zuten eta gaur haurren greba egin dute, gatazka ikusarazteko. Izan ere, landa eremuko eskola izanik, arazo handia bilakatu da familientzako.

Etxaurren Ikastolako Guraso Elkartearen hitzetan, haurren %90 ez da eskolara joan, bertan deitutako grebarekin bat eginez. Gainera, elkarteak adierazi du eskolara joan direnek beste irtenbiderik ez zutelako izan dela, familia horiek ez zutelako umeak norekin utzi.

Irailaren 7an hasi zituzten eskolak Etxaurrenen eta, egun horretan, hezkuntza zentrora ohikoan iristen diren zortzi autobusetatik bakarrak bete zuen bere bidea, Luiaondotik zihoanak, hain zuzen. Gaur-gaurkoz, egoerak bere horretan jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzak autobus enpresekin dituen desadostasuna dela eta.

Guraso elkarteko kideen hitzetan ikasturte hasiera “kaotikoa eta konplikatua” izaten ari da. Egoera bereziki zaila da Etxaurrenen, landa eremuan kokatuta dagoelako eta haur gehienak ezin direlako oinez joan eskolara.

Haurrak autoz eraman beharrak denbora eta diru arazoak eragiteaz gain, baditu beste zenbait ertz: sarrera eta irteera orduetan sortzen diren auto-pilaketak, ibilbide arriskutsuak, autoak umeak eramateko aulki bereziekin hornitu behar izatea...

Haurrak autoz eramateak, denbora eta diru arazoez gain, baditu beste zenbait ertz: sarrera eta irteera orduetako auto-pilaketak, ibilbide arriskutsuak, autoak umeak eramateko aulki bereziekin hornitu behar izatea...

Momentuz, nahiz eta Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik plataformarekin harremanetan dauden, mobilizazioak eskola mailan planteatu dituzte, eskualdean arazo handiena duen zentroa baita Etxaurren. “Egoera ez da bera Luiaondon eta Okondon edo Amurrion eta Laudion”, azaldu dute Guraso Elkarteko kideek.

Bihar ere, mobilizazioak

Arazoa ikusarazten jarraituko dute bihar ere. Hain zuzen, haurrak autoz eramango dituzte eskolara eta atzealdeko berdegunetik oinez joango dira den-denak zentrora, agerian uzteko eskolara autobus-zerbitzurik gabe joateko ezintasuna. Joan den ostiralean, irailaren 8an, auto-karabana egin zuten eskolara bidean, autobus-zerbitzuaren berrezarpena exijitzeko.

Biharko mobilizazioaren ostean berriro ere elkartuko dira Guraso Elkarteko kideak eta hurrengo urratsak prestatuko dituzte. Azaldu dutenaren arabera, hemendik aurrera “erantzuleengan” jarriko dute fokua, eta ez haurrengan, badakitelako horiek “ez dutela arazoarekin zerikusirik”.

Gurasoek argi dute arazoa Hezkuntza Sailaren eta enpresen artean konpondu behar dela, haiek baitira “erantzuleak”. “Gu guraso elkartea gara, ez gara ez politikariak ez sindikatuak. Uste dugu Eusko Jaurlaritza eta eskola garraio enpresak direla gatazka hau konpondu behar duten eragileak. Gauzak gaizki egin dituzte eta orain akordioa lortzea dagokie. Haien artean konpondu behar dute”, azaldu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide