Eskualdeko udalerri gehienetan egin dira elkarretaratzeak gaur -azaroak 25- indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatzeko. Elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian Artziniega, Arespalditza, Okondo, Amurrio eta Laudion. Urduñan eta Aretan, aldiz, atzo arratsaldean egin ziren ekimenak, eta Orozkon gaur arratsaldean bildu dira Zubiaur plazan. Arrankudiagan, aldiz, bihar eguerdian egingo dute indarkeria matxista salatzeko ekimena.
Hala ere, protesta ekimen guztiak ez dira berdinak izan. Amurrion, adibidez, herrian barrena egin dute mobilizazioa, eta datorren ostegunerako deitua dagoen Greba Feminista Orokorrerako deialdia zabaldu dute bidean, besteak beste.
Laudion, aldiz, manifestazioa egin dute elkarretaratzearen ostean, Amagoia Elezkanoren lorategia dagoen tokiraino, urteroko dinamikari jarraiki. Bi Hotsak abesbatzako kideak zituzten bertan zain, eta Mexikoko Vivir Quintana eta El Palomar abesbatzaren La canción sin miedo kantaren bertsioa abestu dute.
Horrez gain, Bularreko Minbizi Metastasikoaren Elkarteko kideek postua jarri dute Laudio zein Orozkon, gaixotasun hori jendarteratu eta elkartearen materiala saltzeko.
Argazkiak: Eneko Toquero Udaeta, Aitziber Alava Zurimendi, Naiara Otaola Gonzalez, Artziniegako Udala, Karmele Poblacion Martinez, Samu Pasandin Sanchez eta Txabi Alvarado Bañares