Jesuriko zentral eolikoa eraikitzeko urrats berria: Ebaluazio-azpiegitura proiektua zabaldu dute helegiteak aurkezteko

Aitor Aspuru Saez 2023ko abe. 18a, 11:52
Proiektuaren planoetako bat.

Laudion, Amurrion eta Orozkon kokatu nahi du Green Capital enpresak zentral eolikoa eta prestatutako ebaluazio-azpiegitura proiektua aztertzeko aukera dago jadanik. Helegitea prestatu eta aurkezteko epea urtarrilaren 31n agortuko da.

Aiaraldean eraiki nahi dituzten energia azpiegituren proiektuek aurrera egiten jarraitzen dute. Pasa den astean zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Sektore Planari egindako errekurtsoen helegite dokumentua.

Pasa den astean ere Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuten epea irekiko zutela helegiteak aurkezteko Jesuri-Larragorrin jarri nahi duten zentral eolikoaren ebaluazio-proiektuari.

Gaur, ordea, prozedura hori ireki du Arabako Foru Aldundiak. Urtarrilaren 31a izango da helegiteak aurkezteko azken eguna, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak adierazi duenez. Izan ere, prozesua abiatzen duen azken erakundearen data hartzen da erreferente gisa ezartzeko 30 egun erabilgarrien tartea.

Gogoratu beharra dago Jesuri-Larragorriko proiektuak, besteak beste, hurrengo elementuak barnebiltzen dituela:

  • 25 MW-ko parke eolikoa, 5 MW-ko potentzia unitarioko 5 haize-sorgailuz, dorre meteorologiko batez eta 30 kV-ko aire-sorgailuen arteko konexiorako azpiegitura elektrikoaz osatua, Laudio, Amurrio eta Orozkoko udalerrien barruan.
  • 30 kV-ko ebakuazio-linea, Laudioko udal-mugartetik igaroko dena, parke eolikotik hasi eta SET Llodio 30 kV-ko azpiestaziora arte, hau ere Laudion kokatuta. Obren aurrekontuaren zenbateko osoa 25 milioi eurokoa da. 

Helegiteak, oposizoa eta salaketa

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari helegiteak prestatuko dituztela proiektuaren kontra, orain arte egin duten moduan. Izan ere, jarraipen estua egin diote proiektuari,  Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak bide eman zionetik 2021eko abenduan.

Esaterako, Eusko Jaurlaritza baimenak ematen hasi bezain pronto plataformak helegitea osatu zuten lurralde- eta hirigintza-legeak ez betetzeagatik.

Orozkoko zein Amurrioko udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere adierazi zuten ekoizpen elektrikoaren instalazioaren kokapena egungo hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren kontrakoa dela.

Berez, plataformak proiektuaren nondik norakoak zabaltzeari ekin dio, azpimarratuta aerosorgailuek 200 metroko altuera izango dutela, Goikolandetan (Laudio), Kukutzan, Elorritxuganen, Arriurdinen eta Jesurin.

Horrez gain, parkeak izango duen azalera ere salatu dute. Izan ere, 3.800 m2 hartuko dituzte aerosorgailu bakoitzeko euskarri-plataformen eta zapaten azalerek, sarbideak eta ebakuazio elektrikoko linea kontuan hartu gabe.

Halaber, zentral eolikoko aerosorgailuen plataformetako hondakin bolumenak 33.062 m3 landare-lur, 252.374 m3-ko lur-inausketa eta 70.673 m3 lubeta dira.

Bide batez, baserrietan sortuko diren kalteak aipatu dituzte plataformako kideek. Aerosorgailuen 2.000 metroko eragin-eremuan Orozkoko etxebizitzak eta landa-auzoak (Izarza, Odizaga, Katadio, Meatza, Sagarminaga, Pagatzaurtundua) eta Kukutzatik Nerbioi ibairantz jaisten diren Laudioko baserriak daude (Aranguti, Erkitza Satarriaga, Zabala, Launtzu, Larrea, Zenaggorta Olarte, Martena, Bekoetxe, Launtxugoikoa, Torretxu...). 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide