Aiaraldeko Plan Estrategikoa "lehenbailehen onartu eta abiatzea" eskatu du EH Bilduk hainbat Udaletan

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 19a, 16:58
Aiaraldeko EH Bilduko ordezkarien agerraldi baten irudia.

Mozioak aurkeztu ditu koalizioak Amurrio eta Urduñako Udaletan, besteak beste. 

Aiaraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoa "berehala" onartu behar dela uste du EH Bilduk, eta hori eskatzeko mozioak aurkeztu ditu azken hilabeteetan hainbat Udaletan. Amurrion, adibidez, martxoko udalbatzan aurkeztu zuten, baina ez zen aurrera atera, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zutelako. 

Bi gauza eskatu zituen koalizioak mozio horretan: Arabako Foru Aldundirari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea behin betiko Eskualdeko Plan Estrategikoa adostu eta onartzea, "udalen eta eragileen ekarpenak" kontuan hartuta.

Horrez gain, Berehalako Jarduera Planean zehaztutako 33 ekintzak "epe laburrean" garatzeko neurriak ere eskatzen dizkie testuak bi erakundeei. Izan ere, hiru urte igaro dira inbertsio plan hori egin zenetik, baina ekintzen %3,3a baino ez da bete, koalizioaren hitzetan. "Neurriak berandu datoz, baina, hala ere, beti dira ongi etorriak", nabarmendu dute EH Bilduko kideek. 

Urduñan ere

Urduñan ere testu bera aurkeztu zuen talde subiranistak, eskaera berdinekin. Horrez gain, beste mozio bat ere eraman zuten hiriko plenora, Arrastaria eta Saratxoko adinekoak Urduñako egoitzara sartzea ahalbidetzea eskatzeko. EH Bilduren iritziz, modu horretan adinekoak ez lirateke joan beharko beste udalerri batzuetako egoitzera.

Talde politikoak argudiatu du egoitza batean sartzeak "sentimendu negatiboak" sortu ditzazkeela, eta egoera "gogorragoa" izan daitekeela "errotzerik ez dagoen herri batera joanez gero". "Adinekoak beren familia eta komunitate inguruan biziz gero, haien ongizate emozionala sustatzen da eta komunitatearen gizarte-sarea indartzen da". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide