AP-68 autobidea 2026tik aurrera ordaindupekoa izaten jarraitzeko aukera teknologikoak aztertzen hasi da Arabako Foru Aldundia, nahiz eta oraindik ez duen zehaztu horren aldeko apustua egingo duen edo ez. Urte horretan amaitzen da autobidearen egungo kudeatzaileak (AVASA) duen kontzesioa. Gauzak hala, ordutik aurrera balizko kanon bat ezartzeko "alternatiba teknologiko egokienak" aztertu nahi ditu foru erakundeak, eta Idom S.A enpresari esleitu dio hori egiteko zerbitzua, 208.286 euroren truke. Konpainia horrek 19 aste izango ditu azterketa egiteko.
Bigarren azterketa bat ere egin nahi du Aldundiak, Arabako edukiera handiko gainerako bideetan zer ordainketa sistema ezarri daitekeen ikusteko
Horrez gain, Aldundiak aurreratu du bigarren azterketa bat ere enkargatuko dutela, Arabako edukiera handiko gainerako bideetan zer ordainketa sistema ezarri daitekeen ikusteko. Erakunde publikoaren aburuz, bi ikerketek aukera emango dute "ibilbide orri bat" zehazteko, "Arabako Lurralde Historikoko edukiera handiko bideetan erabileraren araberako ordainketa sistema bat garatu ahal izateko, finantzaketa eta kudeaketa eredu berri bat ezarriz, ekonomia, gizarte eta ingurumen jasangarritasuneko parametroetan oinarrituta".
Dohakotasuna aldarri
Azken urteetan ugaritu egin dira AP-68 autobidearen dohakotasunaren aldeko ahotsak. 2021ean sortu zen AP-68 dohainik plataforma, eta hainbat ekimen egin dituzte ordutik hona.
Bidesariak, aldiz, igo egin dira azken urteetan. Urte honen hasieran 25 zentimo garestitu zen Altubekoa, eta 10 zentimo Aretakoa.