Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Planaren jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazioei erantzuteko txostena. Hemen irakur daiteke euskaraz eta hemen gazteleraz.
Dokumentuak 450 orrialde baino gehiago ditu eta herritarrek zein elkarte, administrazio batzar, udal, enpresa eta sindikatu ugarik egindako alegazioak erantzun ditu.
Aintzat hartu beharra dago 2023ko uztailean ezarri zela muga helegiteak aurkezteko eta Aiaraldean 200 baino gehiago prestatu zituztela. Txostenaren aurkibidean begien bistakoa da hori. Izan ere, alegazio ereduak kenduta, udal askok (Orozkok, Laudiok, Amurriok, Aiarak, Arrankudiaga-Zollok edota Urduñak) azaldu zituzten euren zalantzak eta aurkakotasuna Energia Berriztagarrien Planarekiko.
Horrez gain, Administrazio Batzar asko ere batu ziren horretara, bereziki aiararrak eta Larruazabalgoak.
Mobilizazio zabala herritarren eta erakundeen artean
Energia Berriztagarrien Plana azaleratu zenean, herritar askok horren berri izan zuten, hain zuzen, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformaren bitartez. Berez, 20 proiektu fotovoltaiko eta eoliko baino gehiagori irekitzen die atea planak. Udal batzuek aholkularitza kontratatu zuten txostenak osatzeko eta plataformak deialdi zabala egin zuen alegazioak aurkezteko.
Bigarren erantzuna
Harritzekoa bada ere, hau da Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen bigarren txostena. Izan ere, 2023ko abenduan plazaratu zuen lehen erantzuna, baina egun gutxira ezabatu zuen.