Langile bat hil da Tubacexen Amurrioko lantegian, bihotzeko baten ondorioz

Erredakzioa 2024ko aza. 8a, 12:00

Tubacexen Amurrioko lantegian jazo da heriotza. / Aiaraldea.eus

Langilea eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan.

Behargin bat hil da gaur goizean Tubacexen, 8:20ak aldera, bihotzeko baten ondorioz. Hala baieztatu dio Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari. LAB sindikatuak oharra zabaldu du eta erantsi du A.S.O. beharginak 57 urte zituela.

Enpresa Batzordeak azaldu duenez, behargina eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan. Sindikatuek azaldu dutenez, langilea ondoezik sentitu da lanera sartzerakoan eta orduan gertatu da ezbeharra. "Gertatutakoa aztertuko da, eta enpresak esan digu datorren astean emango dituela dagozkion azalpenak", azaldu dute.

LAB sindikatuk, bere aldetik, honakoa adierazi du: "Azkeneko lan heriotza honetan, bat egin dute laneko heriotza ugaritan aurki ditzakegun bi ezaugarrik. Batetik, azpikontrata bateko langilea zen hildakoa, eta bestetik, istripu ez traumatikoa izan du. Gainera, heriotza hau Confebask patronalak absentismoari buruz antolatutako jardunaldien hurrengo egunean izan da, eta horrek, berretsi baino ez gaitu egiten behin baino gehiagotan salatu dugunean, patronalarentzat laneko osasun eta segurtasuna ez direla lehentasunak, ez diola prebentzioari garrantziarik ematen eta doan ateratzen zaiola araudia ez betetzea".

52 hildako lanpostuetan aurten

Azken honekin, 52 dira 2024an lanean zeudela Euskal Herrian hildako langileak. Iragan urriaren 15ean Mohamed Lazraq urduñarra zendu zen Aminatec 3000 enpresarentzat lanean ari zela.

Gaurkoa ez da Tubacexen jazotako lehen lan heriotza. 2019an bi pertsona zendu ziren multinazionalak eskualdean dituen lantegietan. Lehena praktika dualak egiten zebilen lantegian, pieza bat gainera erori zitzaionean. Bigarrena, aldiz, bihotzekoak jota hil zen, bero handiko gune batean lanean ari zela. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide