Otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztuko dute eta Aiaraldeko ordezkaritza bat egongo da hitzorduan. Momentuz, ez dakite zehazki tortura jasan duten zenbat lagun bertaratuko diren, baina bai batzuk egongo direla. "Gaia banan-banan lantzen ari gara" aipatu du Aiaraldeko Torturaren Aurkako taldeko kide batek.
Sarearen asmoa da estatuko segurtasun indarren torturak eta tratu txarrak pairatu dituzten herritarren aitortzan urratsak egitea eta jadanik egitasmoaren aurkezpena egin dute eskualdean.
Berez, Eusko Jaurlaritzak eskualdeko 79 kasu onartu zituen Paco Etxebarria forentseak osatutako txostenean eta Torturaren Aurkako Taldeak kopuru hori 90koa dela adierazi zuen. Berez, salatutako kasuak oso anitzak dira, gizonezkoei, emakumezkoei eta adingabeei eragin baitie torturak Aiaraldean. Kasuetako bat epaitegira heldu zen, Bizente Malaxetxebarria “Baskito”-rena, hain zuzen.
Iazko otsailaren 13an egin zuten publiko Euskal Herriko Torturatuen Sarea eta Marta Pikazarekin mintzatu zen Aiaraldea Komunikabidea horren berri emateko.