Tortura Aiaraldean, datuen atzeko itzala

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko ots. 13a, 18:28

Bizente Malaxetxebarria “Baskito”ren kasua da eskualdeko ezagunena. / Aiaraldea.eus

Otsailak 13 Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian. Azken urteetan 1960tik aurrerako tortura kasuak biltzen dituzten hainbat ikerketa plazaratu dira. 

Ugariak izan dira tortura kasuak Euskal Herrian. Horrela jaso dute azken urteetan plazaratu diren hainbat ikerketek. Aiaraldeko biztanle ugari ere praktika hauen biktima izan da.

Torturaren Aurkako Eguna da gaur Euskal Herrian; hain zuzen ere, duela 37 urte Polizia Nazionalaren torturapean hil zen Joxe Arregi ETAko militantea. Arregirena, ordea, baieztatutako milaka tortura kasuetako bat baino ez da.

Iaz argitaratu zen Eusko Jaurlaritzak Paco Etxebarria forentsearen gidaritzapean burututako torturen gaineko ikerketa. 1960. urtetik aurrera 4.113 tortura kasu konfirmatu zituen aurkeztutako txostenak. Orotara 3.415 biktima identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzaren ikerketak, biktima ugari behin baino gehiagotan torturatuak izan zirela frogatuz.

50 torturatu Aiaraldean
Zabalagoa da Euskal Memoria Fundazioak aurkeztutako torturen gaineko txostena. 5.657 tortura kasu katalogatu zituzten bertan 1960 eta 2014 urteen bitartean. Horietatik %7,19 Ertzaintzak burutuak izango ziren, %47,3 Polizia Nazionalak eginikoak eta, azkenik, %41 Guardia Zibilak gauzatutakoak. Polizia frantsesari eta bestelako erakunde polizialei ere egotzi zaizkie tortura kasuak.

Guztira, 50 torturatu identifikatu ditu Euskal Memoria Fundazioak eskualden, bere web orrian tortura kasuak jasan dituztenen zerrenda dago ikusgai herrika.

Aiaraldeko biktima horien artean daude Marta Picaza eta Mikel Etxebarria. Eusko Jaurlaritzaren ikerketan parte hartu zuten. Istanbulgo protokoloa aplikatuz baliotu zizkieten tortura kasuen errelatoak.

Oso garai ezberdinetan garatu dira tortura praktikak Espaniar estatuko komisaldegietan. Eusko Jaurlaritzaren ikerketak identifikatutako tortura kasuen %70 Frankismo osteko garaian kokatzen ditu.

"Baskito"ren kasua
Bizente Malaxetxebarria “Baskito” eskualdeko torturen beste biktima bat izan zen. 80. hamarkadan jasan zituen tratu txarrak Polizia Nazionalaren eskuetan, atxilotua izan ostean. Bere aurkako epaiketan ez ziren tortura kasuak aitortuak izan. Aitortza Eusko Jaurlaritzaren txostenetik etorri da 30 urte geroago. Jasandako mina izugarria izan dela salatu du familiak.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide