Goi-tentsioko linea berri bat instalatu nahi dute Laudio, Orozko eta Arakaldo artean, Feroskana zentral eolikoari lotuta

Aitor Aspuru Saez 2025eko apirilaren 24a

Untzuetako mendia zeharkatuko luke azpiegiturak.

Bedia, Zeberio eta Usansolo artean kokatu nahi duten Feroskana zentraleko elektrizitatea bideratzeko azpiegitura izango da.

Aiaraldean energia berriztagarriei lotutako beste azpiegitura bat eraikitzeko asmoa zabaldu dute gaur bertan. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Feroskana zentral eolikoaren goi-tentsioko linearen baimena eta ingurumen inpaktu txostenaren informazio publikorako epea hasi duela.

Hau da, 30 egun egongo dira alegazioak aurkezteko horren kontra. Berez, Aiaraldea zeharkatuko lukeen goi-tentsioko lurrazpiko linea hori Bedia, Usansolo eta Zeberio artean eraiki nahi duten Feroskana zentral eolikoaren energia garraiatuko luke Laudioko azpiestazio elektrikoraino. 

Horretarako Arakaldo eta Orozko arteko Untzueta mendia gurutzatu eta Laudion dagoen azpiegitura energetikora eramango luke elektrizitatea. Usi auzoa igaroko du (Aretako autopistako ordain-saritik gertu).

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak iragarri du alegazioak prestatu eta aurkeztuko dituela, baina, halaber, azpimarratu du Mendi zentral eolikoarenak lantzen ari direla jadanik. Zentral eoliko horrek Amurrion eragingo luke, nagusiki. Zehazki, San Roke auzunetik gertu eta Elexazar aztarnategitik ez oso urrun kokatu nahi dute.

Feroskana zentral eolikoaren bultzatzailea Ferosca Wind enpresa da, zeinak Ferosca I zentral eolikoa ezartzeko asmoa duen Laudio eta Orozko artean. 1.000 alegazio baino gehiago jaso ditu egitasmoak Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak sustatuta, baina Udalek ere tramitatu dituzte proiektuaren aurkako argudioak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide