"Atzerapausoak eta argi-ilunak" detektatu dituzte Urduña eta Aiarako jaietan, euskararen presentzia eta normalizazioari dagokionez

Txabi Alvarado Bañares 2025eko uztailaren 23a

Iaz aurkeztu zuten 'Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak!' dinamika. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak txosten bana osatu du Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikak Otxomaio eta San Prudentzio jaietan izandako bilakaeraren inguruan. 

"Atzerapausoak eta argi-ilunak dira nagusi" Urduñako Otxomaio eta Aiarako San Prudentzio jaietan, euskararen presentzia eta normalizazioari dagokionez. Hala ondorioztatu dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak berriki plazaratutako txostenetan.  

Euskarak bi jai horietan izan duen presentzia aztertu du Kontseiluak, eta Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikaren betetze maila ere neurtu du. Izan ere, Urduña zein Aiarako udalek dinamika horrekin egin zuten bat duela urtebete eta, ondorioz, hainbat neurri hartzera konprometitu ziren. 

Urduñaren kasuan, "atzerapausoak"

Urduñaren kasuan, “atzerapausoak” eman direla aipatu du Kontseiluak. Programazioari dagokionez, azken lau urteetan euskararen presentzia murriztu dela ondorioztatu du txostenean. “Horren erakusgarri da, adibidez, euskarazko musika taldeak programazio osoaren %50 zirela 2022an eta 2025ean berriz soilik %28”, aipatu du, joera kontrakoa izan beharko litzatekeela nabarmenduz: “Egoera diglosiko batean, zeinean gero eta urduñar gehiagok daki euskaraz, gure hizkuntza biziberritzeko tresna izan beharko luke jaietako egitarauak”.

Horrez gain, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikaren gauzatzean ere hutsuneak sumatu ditu Kontseiluak, eta hori “bereziki mingarria” dela nabarmendu du, Urduñako Udaleko Euskara Arloak azken urteotan garatutako neurrietan oinarritzen baita dinamika hori. 

Otxomaioetako programazioan euskararen presentzia murriztu dela ondorioztatu du Euskalgintza Kontseiluak. 

Txosnen erabilera zehazten duen ordenantzan jarri du begirada euskararen aldeko eragileak, euskarazko musikaren presentzia bermatzeko betebeharra “gomendio” bilakatu dela salatuta. Modu horretan, txosna jartzen duen elkarte bati “ateak zabaldu” zaizkio “soilik erdarazko musika jarri eta hizkuntza irizpideak ez betetzeko”. Txostenean ez da modu zuzenean aipatzen, baina ondorioztatu daiteke Kontseiluak Bihotza Konpartsaren txosnari egiten diola erreferentzia, iaz kexa formala aurkeztu baitzuen Udalean eragile horrek euskararekiko zuen jarreragatik. 

Horrez gain, beste hainbat atzerapauso ere zerrendatu dituzte txostenean, txosnetako edalontzietan euskararen aldeko mezua ezabatu dela edota ostalariekin lanketa berezitua egiteari utzi zaiola, besteak beste. Hala ere, ondo egin diren kontuak ere aipatu dituzte: euskararen aldeko pankartak jarri ziren hiriaren sarreretan, Jai Batzordearekin hizkuntzari lotutako lanketa egin zen eta ekimena babesteko argazkia egin zen eragile eta herritarrekin

Dena dela, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideen iritziz, “egoera kezkagarria” da Urduñan eta “beharrezkoa da hurrengo urtera begira norabidea erabat zuzentzea, hizkuntza eskubideen eta euskararen biziberritzearen bideari helduz”.

Aiararen kasuan, "argi-ilunak nagusi"

Aiarako San Prudentzioei dagokionez, balorazio gazi-gozoa egin dute Kontseiluko kideek txostenean. Alde batetik, pozgarritzat jo dute egitarauan euskararen presentziak izan duen garapena: “Musikari dagokionez, 2023an euskarazko taldeak egitarauan %25 baziren, aurten %50 izan dira, azken bi urteetan joera goranzkoa izan delarik. Ahulgune bakarra alor honetan helduentzako ikuskizunak lirateke, urte bakarrean programatu da eta erdaraz”. 

Aiarako San Prudentzioei dagokionez, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikak aurreikusten dituen lanak egin ez direla salatu du Kontseiluak. 

Baina baina “kezka” ere azaldu dute, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikak aurreikusten dituen lanak egin ez direlako. Aiarako EAJk ere ohar bat plazaratu du hori salatuz. Honako gabezia hauek zerrendatu dituzte: ez dela kanpainaren difusioa egin, Euskararen Semaforoa ez dela eskuko programan erabili, ostalariekin ez dela lanketarik egin, ez direla erabilera bultzatzeko kanpainako elementuak erabili, ez dela jaietako edalontzian euskararen inguruko mezurik txertatu eta ez dela eragileekin lanketarik egin esatari euskaldunak bermatzeko, besteak beste. 

Gauzak hala, jaietan euskara bultzatzeko lanketa “hanka motz” geratu dela uste du Kontseiluak, hartutako konpromisoak betetzeak duen garrantzia nabarmenduz. 

Beste udalerrietan ere egingo dituzte azterketak

Kontseiluak aurreratu du gainontzeko udalerrietako jaietan ere egingo dituela azterlanak, antzeko txostenak plazaratzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide