Tokikom euskarazko tokiko komunikabideen federazioak 2025eko sariak banatuko ditu bere kideek egindako lanen artean. Hitzordua Aretxabaletan izango da azaroaren 21ean Mondragon Unibertsitateko Kanpusean eta aurtengo edizioan Aiaraldea Komunikabidea egongo da finalisten artean. Izan ere, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean erreportajea hiru onenen artean hautatu du Anaitze Aguirre Larretak (EHU), Edorta Arana Arrietak (EHU) eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatutako epaimahaiak.
Honako deskribapen honekin azaldu du Tokikomek berak zergatik dagoen Aiaraldea Komunikabidearen lana finalisten artean: "Lan mamitsu hau kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreporterismoa lantzeko modu aberasgarria aplikatzeko. 1990. hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu, ibilbide interesgarri eta erakargarria osatuz esperientzia pertsonaletik suizidioaren errealitate orokorrera. Gainera, kontakizunari balio praktikoa gehitzeko, ikastetxeentzako gida pedagogikoa eta podcasta ere landu dute erreportajeko protagonistekin."
Aintzat hartuta beste bi erreportaje finalisten kalitatea eta ikusgarritasuna (bata etxebizitzaren inguruko monografikoa eta bestea minbiziari buruzkoa), hiruren artean egotea aitortza da jadanik Aiaraldea Komunikabidearentzat.
Artikuluari buruz mintzatu ziren egilea eta Arantza Fernandez Mariño duela urtebete baino gutxiago Euskadi Irratian.