Euskara gara lemapean egingo da Korrikaren 24. edizioa. Martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik, 29an Bilbon amaitzeko.
Gaur goizean egin dute ekimenaren aurkezpena. Bertan azaldu dutenez, euskara "herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa" dela eman nahi dute aditzera. Hala aldarrikatu dute ekitaldian: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.
Xede horri erantzuten dio Euskara gara lemak, euskarak jendarteari "arnasa" ematen diola nabarmenduta. “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...”.
Omendua, Errigora
24. edizioaren filosofiaren nondik norakoak aletzeaz gain, bestelako datu batzuk ere eman dituzte gaurko aurkezpenean. Adibidez, aurreratu dute aurtengo omendua Errigora ekimena izango dela, Nafarroan euskalduntzearen alde egiten duen lanagatik.
Horrez gain, Korrika Kulturalaren zenbait gako ere azaleratu dituzte. Aurreratu dutenez, Kaka antzezlana da Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea, eta ikuskizun hori izango da kultur maratoia ardaztuko duena, hainbat udalerritan taularatuko baitute.
Bukatzeko, jakinarazi dute martxan dagoela dagoeneko Korrikaren doako aplikazioa, eta baita denda ere. Gainera, ekimenaren laguntzailea izateko aukera ere ireki dute.