Erresistentzia feminista aldarri, Aiaraldeko plazak eta kaleak bete dituzte

Erredakzioa 2025eko azaroaren 25a

Eskualdeko hainbat udalerritan antolatu dituzte elkarretaratze eta mobilizazioak indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean. Urtea hasi denetik Euskal Herrian eraildako sei emakumeak izan dituzte gogoan.

Goizeko mobilizazio eta adierazpen instituzionalen ostean, ehunka herritar atera dira kalera gaur arratsaldean Aiaraldean indarkeria matxistaren aurrean "erresistentzia feminista" aldarrikatzeko.

Arespalditzakoa izan da lehen zita, 17:30ean. Bertako hesiak apaindu dituzte lehenbizi, eta errepidera begira egin dute protesta gero. Artziniegan eta Okondon, aldiz, ordu erdi geroago egin dituzte elkarretaratzeak. 

Urte honetan zehar eginiko lana balioan jarri dute Artziniegako Talde Feministako kideek. "Elkartu egin gara, begietara begira, eta komunitatean lan egin dugu, urratsez urrats, hemen inor ez dadin bakarraik geratu", nabarmendu dute. Azaldu dutenez, azken hilabeteetan hainbat eraso atera dira argitara udalerrian, "eta ez da isiltasunik, ez zalantzarik egon. Elkartasuna egon da. Babesa. Salaketa". Ziurtatu dutenez, "ahotsa altxatu" dute erasotzaileen aurka, "baita beste alde batera begiratzen dutenen aurka ere". 

Aretan ekintza bikoitza egin dute bertako emakumeek. Txoko morea inauguratu dute Kultur etxean, eta elkarretaratzea egin dute jarraian Altamira plazan. 

Gainontzeko herrietan, aldiz, 19:00etan egin dituzte mobilizazioak. Laudion ekintza egin du Aiaraldeko Gazte Feministak taldeak tren geltokiko zubian, eta ondoren ohiko kalejira egin dute Amagoia Elezkanoren lorategiraino, 2013an bere bikotekideak eraildako emakume hori gogora ekartzeko. 

Arrankudiaga-Zollon, aldiz, ekimena egin dute bertako emakumeen sareko kideek, indarkeria matxistak eraildako emakume guztiak gogora ekartzeko. 

Argazkiak: Arrankudiaga eta Zolloko Emakume Sarea, Samu Pasandin Sanchez, Ainara Sanchez, Aretako Emakumeak, Aimar Gutierrez Bidarte, Aitor Aspuru Saez, Txabi Alvarado Bañares

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide