Mirari Gotxi eta Iñaki Carro Euskadiko ziklokros txapeldunak bilakatu dira

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 29a

Mirari Gotxi atzo Seguran. / M. G.

Gotxi junior kategorian gailendu da eta Carro Master 40ko lehen sailkatua izan da. Gaizka Pujanak, aldiz, bigarren postua eskuratu du.

Uzta ona ekarri zuten atzo Aiaraldeko txirrindulariek Seguratik, han lehiatutako Euskadiko Ziklokros Txapelketan aritu baitziren. Hain zuzen, Mirari Gotxi onena izan zen junior kirolarien artean eta Iñaki Carro Master 40ko kategorian. Gaizka Pujana Iñaki Carrorekin batera igo zen podiumera, baina bigarren postuan.

Emaitzak ez dira guztiz ezustekoak izan. Berez, Mirari Gotxik oso denboraldi ona egin du aurten eta Movistar talde profesionalarekin entrenatzen hasi zuen 2025a. Nola ez, amurrioarra pozik dago. Segurara heldu baino lehen bazuen susmoa irabazleen artean egon ahal zela; baina, hala ere, bazekien zaila izango dela: "Txirrindulari gehiago daude lasterketan eta Frantziatik ere etorri zen baten bat".

Dena den, Gotxik bere erritmoa ezarri zuen lehen unetik eta azken bi itzuliak berak bakarrik egin zituen Junior kategoriako onena bilakatzeko. Orain, nahiz eta proba gehiago izan epe laburrean, bere erronka nagusia Taranconen jokoan egongo den Espainiako Txapelketa izango da, urtarrileko bigarren asteburuan.

Iñaki Carrok ere lehiaketa hori izango du buruan laster, atzo Seguran garaile izan ostean Master 40 kategorian. Carrok nagusitasuna erakutsi zuen eta bere atzean helmuga zeharkatu zuen hurrengoa Gaizka Pujana laudioarra izan zen. Biek ezagutzen zuten aurretik garaipenaren zaporea; Carrok Espainiako Txapelketa irabazi zuen 2023an eta Europakoa iaz eta Pujanaren kasuan, iaz berea izan zen Euskadiko lehen postua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide