Bi egunez jarraian bete du Bilboko San Mames estadioa Zetak taldeak, Mitoaroa ikuskizun trilogiari amaiera emanez. Adimen artifizial batek kontrolaturiko Euskal Herri distopikoa irudikatuz, espektakulu erraldoia eskaini zuen Pello Reparazek, eta, harekin batera, 300 lagunetik gora batu ziren oholtzan: musikariak, dantzariak, aktoreak, inauterietako pertsonaiak... Lan talde horren guztiaren parte izan da Aiaraldeko Iaiaiai Irrintzi Taldea.
Iaiaiai Irrintzi Taldeko kideak izan ziren Pello Reparazi Mitoaroa III ikuskizunean ekarpena egiteko proposamena luzatu ziotenak. Horrela kontatu dio Aiaraldea Komunikabideari Nerea Iglesias taldekideak: "Hasieran amets hutsa zen, urruti zegoen zerbait. Korreoz aurkeztu genuen gure burua, eta halako batean, Zetaken managerraren erantzuna jaso genuen gure proposamena lantalde artistikoarekin landuko zuela esanez". Hurrengo egunean bertan jaso zuten behin betiko baieztapena: ikuskizunaren parte izango ziren eskualdeko irrintzilariak.

Sektretupeko lana
Ondo gordetako sekretua izan da. Hilabeteak pasa dituzte aiaraldearrek, Zetaken lantaldearekin batera, isilpeko lanean. "Zaila egin zait konfidentzialtasunarena, ez naiz batere ona sekretuak gordetzen baina horrela izan behar zuen, hasieratik azaldu ziguten", adierazi du Iaiaiai taldeko Gurene Grande orozkoarrak.
Katrin Ginea Mitoaroa III-ko koordinatzaile artistikoaren bisita izan zuten Laudion hurrena, eta bertan jaso zituzten esperientziaren nondik norakoen lehen zertzeladak. Ondoren, Gorka Pastor Zetakeko teklistarekin landu zituzten arlo musikaleko kontuak.
"Oso esperientzia interesgarria izan da makrokontzertu bat barrutik nola eraikitzen den ikustea. Errealitate oso desberdinak elkarrekin bizi dira muntaian, eta berezitasun horiek guztiak ezagutzea ikaragarria izan da", azaldu du Iglesiasek.
Orotara irrintzi taldeko zazpi kidek parte hartu dute ikuskizunean. Arbizu, Laudio eta Errekalde artean uztartu dituzte entseguak, eta esperientzia "oso intentsua" izan dela aitortu dute. "Emozionalki oso bidaia konplexua dela aipatzea gustatuko litzaidake. Emozio guztietatik pasatzea errusiar mendi batean bizitzea bezalako esperientzia da. Batzuetan poz-pozik zaude mendiaren puntan baina handik segundo batera beste sentimendu batzuk lurrera bueltan eramaten zaituzte. Bizipen berriak eta gertatu den guztia asimilatzeko denbora pixka bat behar izan dut", nabarmendu du Grandek.

Iaiaiai Irrintzi Taldeko kideen talentuak, ordea, Mitoaroa III-ko katarsiarekin batera jo zuen goia. Sugar artean, Eguzkiloreak abestiarekin itxi zuen kontzertua Pello Reparazek kontzertua, eta, abestia lagunduz, aiaraldearren irrintziek bete zuten estadioa.
80.000 lagunen aurrean
Azken lau egunak San Mamesen pasa ditu Iaiaiai Irrintzi Taldeak, Arbizuko entsegu luzeetan prestatutako guztia estadioko oholtza gainean fintzen. Iglesias eta Grande oso eskertuta azaldu dira bidelagun izan dituzten kideekin. "Oso eskertuta nago hainbeste lagundu diguten pertsona guztiekin: Katrin, Cris, Gorka, Doltza, Aitziber, Alex, gidatu gaituzten erregidore guztiak... Laburbilduz, esperientzia positiboa izan da eta ezinezkoa izango da ahaztea", aldarrikatu du orozkoarrak. Iglesiasek Nerea Torrijos jantzien arduradunaren edota makillajeko lantaldearen paperak ere goraipatu ditu.
Ikuskizunak aktore eta musikari asko gertutik ezagutzeko parada eskaini die ere. "Samantha Hudson ezagutzea zoragarria izan da, jator-jatorra da!", azpimarratu du Iglesiasek. Pello Reparazekin ere kointziditu dute, denbora gutxiago izan bada ere.

Bi egunez 40.000 lagunen aurrean aritu dira irrintzika. Teknologia nagusi den etorkizun distopikoan, erresistentzia eta mundu basatia gorpuzten zuten Aiaraldeko irrintzilariek. Hainbat eszenatan azaldu ziren, hala nola oholtza azpian gertatzen zen pasartean edota estadioko harmailetako unerik apoteosikoenean.
Iaiaiai Irrintzi Taldeko kideen talentuak, ordea, Mitoaroa III-ko katarsiarekin batera jo zuen goia. Sugar artean, Eguzkiloreak abestiarekin itxi zuen kontzertua Pello Reparazek, eta, abestia lagunduz, aiaraldearren irrintziek bete zuten San Mames.
Faktoriatik San Mamesera
Azken egunetan zorion mezu asko jasotzen ari dira. Eskualdeko bizilagun ugari izan ziren bertan eta asko izan ziren atrezzo guztiaren azpian Aiaraldeko irrintzilariak identifikatu zituztenak. Iaiaiai taldeko lagunek nekez ahaztuko dute bizitakoa. "Gure txikitasunetik horrelako proiektu erraldoi batean parte hartu izana zoragarria da", nabarmendu du Iglesiasek.
2023an Faktorian burututako sormen laborategian du jatorria Iaiaiai Irrintzi Taldeak. The You-You Group talde flandriarrarekin elkarlanean irrintziaren tradizioari begirada graikideagoa eskaintzen hasi ziren. Laborategi bat izan behar zuenak segituan hartu zuen talde izaera eta bide propioari ekin zioten bertan parte hartu zuten tokiko bizilagunek.
Horrela sortu zen Iaiaiai Irrintzi Taldea. Azken urteetan taldea kontsolidatu eta bide oparoa egin du. Besteak beste, performanceak eta tailerrak eskaini dituzte Euskal Herri luze-zabalean. Lankidetza eta kolaborazio ugari ere garatu dituzte. Paul Urkijoren Gaua filmaren soinu-bandan parte hartu zuten 2025ean, esaterako. Loraldia festibalean izan dira berriki.
Taldeko dinamikarekin oso pozik eta harro azaldu da Grande, are gehiago Mitoaroa III bezalako ikuskizun hain handi batean parte hartu ostean: "Konturatu gara, talde gisa oso gertu egoteaz gain, errespetu, zintzotasun eta adeitasun dinamika dugula, eta hori ez dute denek praktikatzen. Horrek harro sentiarazten gaitu daukagunaz".
Uda atsedenerako probestuko badute ere "gauza berri eta interesgarriak" esku artean dituztela aitortu diote Aiaraldea Komunikabideari. Datorren ikasturtera arte itxaron beharko Aiaraldeko irrintzilarien bideak zer ortzimuga berri zeharkatuko dituen ezagutzeko.
