Tubacexen %3,72 eskuratu du Magallanes Value Investors gestoreak eta konpainiaren hirugarren akziodun nagusia bilakatu da horrela.
Inbertsioa Espainiako eta Portugalgo errenta aldakorrean zentratutako Iberian funtsen, eta kapitalizazio txikiko enpresetan espezializatutako Microcaps funtsen bidez egin da, bai eta Magallanesen kapital aldakorreko inbertsio-sozietatearen (Soixa SICAV) bitartez ere.
15 millioi eurokoa da posizioaren balioa, Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeko erregistroen arabera, eta akzioei esleitutako 4,69 milioi boto-eskubideren baliokidea da.
Gauzak hala, hodi-enpresaren hirugarren akzioduna da orain Magallanes gestorea. Bere aurretik, Jose María Aristrain (akzioen %11) eta Angel Soria Vaquerizo (akzioen %6,5) baino ez daude. Atzetik, ordea, Itzarri EPSV (%3,215), Víctor Urrutia (%3,146) eta Muza Gestión de Activos (%3,132) ditu Ivan Martinen enpresak.
Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea
Ekainaren hasieran iragarri zuen Tubacexek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea aurkeztuko zuela eta kontsulta fasea akordiorik gabe amaitu berritan heldu da Magallanesen inbertsioa. Horrek berretsi dezake inbertsoreentzat apustu segurua dela konpainia, nahiz eta espedientea abiatu.
Ukrainiako eta Irango gerrek, Txinako lehiakideek eta Ameriketako Estatu Batuetako muga zergen ondorioz aurkeztu zuen zuzendaritzak neurria, eta printzipioz, 2027ko martxora arte luzatu nahi du, 95 eguneko eraginarekin langile bakoitzeko.
ELAk adierazi zuen helegitea jarriko duela Espedientearen kontra, kontsulta fasean konpainiak "azken egunera arte" itxaron zuelako beharginei eskatutako dokumentazioa aurkezteko "seriotasunik eta fede onik" gabe.
LAB sindikatuak ere jakinarazi du epaitegietara joko duela, justifikatuta ez dagoela argudiatuta.