Solariaren proiektu fotovoltaikoek ez dute lortu Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko baimenik, ezta Aiaraldea zeharkatu behar zuen goi-tentsioko lineak ere

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 24a

Lezamako herritarrek Solariaren kontrako kartelak atera zituzten Korrikan.

19 zentral fotovoltaikori ezezkoa eman ez ezik, azpiegitura horiek lotzeko baliatu behar zuten goi-tentsioko linea egiteko baimena ere ukatu du Eusko Jaurlaritzak. Elektrizitatea garraitzeko linea horrek Aiara, Okondo eta Amurrio zeharkatu behar zituen.

Solaria enpresak oztopo handi eta berria topatu du, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak pasa den astean publiko egin baitzuen ez diola eman aurretiazko baimen administratiboa 19 zentral fotovoltaiko eta horiei lotutako azpiegiturak eraikitzeko.

Erakundeak azaldu du enpresak ez dituela Red Electricako sarera lotzeko baimenak, iraungi direlako eta, ondorioz, ezin duela baimendu bere egitasmoa.

Berez, ez da lehen aldia gertatzen zaiona, maiatzean Arabako Foru Aldundiak baimena ukatu baitzion Solaria-Zierbena Solar 3ko sarbide eta konexioa arrazoi beragatik. Luiaondo, Murga, Arespalditza eta Zuhatzako kontzejuei eragiten zien proiektu horrek eskualdean.

Berez, konpainiaren asmoen kontrako helegite ugari aurkeztu dituzte Aiaraldean, bai duela bi urte zein aurten, kasu batzuetan Udalek eta beste batzuetan herritarrek, azken kasu horretan Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak sustatuta.

Jaurlaritzak azaldu du enpresak ez dituela Red Electricako sarera lotzeko baimenak, iraungi direlako eta, ondorioz, ezin duela baimendu bere egitasmoa.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik ez dago ados argudioekin, baina bai erabakiarekin

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak oharra plazaratu du Eusko Jaurlaritzaren erabakia baloratzeko. Alde batetik, adostasun osoa adierazi dute egitasmoa bertan behera geratzearekin. 

Edonola ere, oso kritikoak izan dira baliatutako argudioekin. Izan ere, plataformaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak ekidin izan du benetan dauden arazoetan sartzea: Administrazioaren Ingurumen Legearen urraketak, azpiegituraren bateraezintasuna lurraldearekin eta paisaiarekin, hirigintza, obra eta ingurumen baimenan falta eta herrientzat dagoen berme falta.

Horrela, plataformak leporatu dio Industria Sailari proiektuen baimenak zatikatzea eta erakunde txikienak (udalak eta administrazio batzarrak) defentsa gabe uztea.

Azken bala Solariarentzat

Ezezko ugari jaso arren, Solaria enpresak epaitegira jo du,Red Electricako baimenen iraungipenaren ardura Eusko Jaurlaritzaren atzerapenei leporatuz. Modu horretan lortu nahi du Ingurumen Adierapen Baimena eskuratzea eta proiektuekin aurrera egitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide