Santiago Abascal Escuza hil da gaur Galdakaoko ospitalean, 67 urte zituela.
Amurrioarrak ia 30 urte eman ditu popularren artean. 1987an Arabako biltzarkide izan zen eta 1995ean ardura hori berriro hartu ez ezik, Amurrioko zinegotzia ere izendatu zuten. Hurrengo hauteskundeetan, 1999an, 2003an, 2007an eta 2011n alegia, bi karguak hartu zituen bere gain.
Gainera, 2003. urtean Espainiako Kongresuan aritu zen Rafael Cámara Rodríguez Valenzuela ordezkatzeko, urtebetez.
Hori gutxi balitz, hainbat eskumen izan zituen alderdi popularrean: Aiarako presidente hautatu zuten 2004an eta Arabako zein Euskadiko batzordeetako kide izan zen.
Alderdiarekin desadostasunak
PP uztea erabaki zuen Santiago Abascalek iaz, ez baitzuen bat egiten Mariano Rajoyren ildo politikoarekin, bereziki Ezker Abertzaleari zegokionez.
Dena den, ez zuen bere ibilbidea bertan behera utzi eta irailaren 25eko Legebiltzarreko hauteskundetan Vox alderdiaren zerrendaburu gisa aurkeztu zen.
Santiago Abascal Conde da erakunde horren sortzailea, bere semea. Berez, leinu politikoa da Abascalena, Amurrioko alkate frankista izan baitzen hildakoaren aita 60ko eta 70eko hamarkadetan.
Erasoak eta ustelkeriaren itzala
Santiago Abascalen dendak zenbait eraso eta sabotaje jaso zituen 1999an. Halaber, eraso batean jazotako kalteak konpontzeko PPk zenbait diru eman zion legez kanpoko finantzazioa baliaturik.