Euskadiko zein Espainiako ziklokros txapeldun izatea lortu ostean, Holandako Hoogerheide hirian izango da asteburu honetan Luisa Ibarrola Bizikleta.com taldeko txirrindularia.
Sarotxoko Administrazio Batzarrak mezua zabaldu du Ibarrolari babesa eta animoak emateko. Herri guztiaren izenean zoriondu dute erdietsitako lorpen guztiengatik eta Holandan lehiatzea entrenamendu gogorren fruitua dela azpimarratu du Administrazio Batzarrak: “Orduak eta orduak ematen dituzu entrenatzen eskuratutako guztia lortzearren, gutxi batzuek ezagutzen badute ere zure garaipen-zerrenda”.
Saratxoarrak ere ez dira ziklokrosa bezalako kirol ezezagun batean emakume izateak suposatzen duen lanaz eta ahaleginaz ahaztu, eta abiatutako bidetik jarraitzeko animoak opa dizkiote txirrindulari gazteari.
Denboraldi borobila
Garaipenez jositako ziklokros denboraldi borobila itxiko du Luisa Ibarrolak asteburu honetan Holandan. Euskadiko eta Espainiako txapeldun gailendu da 23 urte azpiko kategorian eta urtarrilean Frantzian izan zen Munduko Kopan norgehiagokan.