Ostegunean egin zuten Amurrioko urriko Udal Osoko Bilkura. Hainbat gai izan zituzten hizpide. Pinudien onddoaren afera izan zen landu zuten gaietako bat. PSE-EEk EH Bilduk aurkeztutako mozioarekiko zuzenketa aurkeztu zuen plenoan. Tentsio nabaria egon zen puntu horretan. EH Bilduko kideek “banpirismo politikoa” egitea egotzi zioten PSE-EEko zinegotziari, “besteen ideiak hartu eta edukiz hustea” leporatuta. “Helburu eta estrategia oso argia dago horren atzean: gure ekimena ez eztabaidatzea”.
Iraileko bilkuran eskatu zuen EH Bilduk gaia lantzeko batzorde bat eratzea. Bilera horretan Aldundiko teknikariek, egurraren sektoreko ordezkari batek eta Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko kide batek hartu zuten hitza. Udal ordezkariek, baina, iritzi ezberdinak dituzte bilera horren baliagarritasunaren inguruan. “Faltan bota genituen unibertsitateko, URAko edota ekologista taldeetako kideak, saio hartako duda batzuk argitu ahalko lizkigukete”, adierazi zuen Orain Amurrio taldeko Kepa Gonzalezek.
Izurriteari aurre egiteko balizko aterabideetako bat ere izan zuten hizpide: fumigazioa. Orain Amurrio teknika horren aurka azaldu zen, oso kutsakorra zela argudiatuta. PPk, aldiz, balizko aterabide hori defendatu zuen. “Harritzen nau zenbat kezka sortzen duten fumigazioen aferak, nekazaritza ekologikoan erabiltzen denean”, adierazi zuen Montse Canivek.
Eztabaida nahiko luke eta korapilatsua izan zen, eta ondoren bozkatu zen PSE-EEren zuzenketa proposamena. Ez zen aurrera atera, aldeko zortzi boto eta aurkako bederatzi jaso zituelako.
Hornidura elektrikoa
Hornidura elektrikoa izan zuten eztabaidagai hurrengo puntuan, Orain Amurriok aurkeztutako mozio bat medio. “Mozioaren helburua da hornidura zerbitzuaren kontratazioa bizkortzea, etorkizunean modu egoki batean esleitu ahal izateko, udal-eraikinak kontsumitzen den energia ehuneko ehunean berriztagarria izatea helburu”, adierazi zuen Kepa Gonzalezek. Gauzak hala, dagokion batzordean zirriborroa aurkeztea eskatu zuen, aurreko kontratuak hainbat hilabete baitaramatza iraungita.
“Ezohiko gauza bat gertatu zen eta plegu berriak plazaratu genituen horregatik”, azaldu zuten EAJko ordezkariek. Aho batez onartu zen proposamena.
Ibaien egoera
Herriko ibaien egoeraz aritu ziren jarraian. Zadorra Bizirik plataformaren mozio bat plazaratu zuen Orain Amurriok plenoan, erreketako ekosistemen bizirautea eta indartzea sustatzeko hainbat ekimen proposatuaz.
Orain Amurrio, EH Bildu eta Guk Bai proposamenaren alde lerrokatu ziren. EAJk herriko ibaien egoeraren inguruko ikerketa baten emaitzak plazaratu zituen. “Abstenitu egingo gara, gai hau berriz adostearen beharra ikusten dugulako”, adierazi zuten. PP eta PSE ere abstenitu ziren. “Ezin naiz ibaiak ondo egotearen eta araudiak betetzearen aurka egon, baina jada egiten ari dela uste dut”, azaldu zuen Canivek.
Autobusen ordutegiak
Oso bestelako gai bat landu zuten gero: autobus-zerbitzua. Garraio horren ordutegiak kontsultatzeko herriko geltoki nagusietan panel elektronikoak jartzea eskatu zuen Alderdi Popularrak. Alde bozkatu zuten Guk Bai, EH Bildu eta Orain Amurriok. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. “Uste dugu mekanismo nahiko existitzen direla dagoeneko ordutegien berri emateko. Panelak jartzeak inbertsio handia ekarriko luke, ordutegiak Araba osoan jarri beharko liratekeelako, diskriminaziotan ez erortzeko”, aipatu zuen Nuria Gonzalez Cabrera zinegotziak.
Josune Irabienek, bere aldetik, aipatu zuen badaudela aurretik egin beharko liratekeen beste gauza batzuk. “Udal honek behin baino gehiagotan eskatu du panelean ordutegiak aldatzeko giltza izatea, baina momentuz ez dugu erantzunik jaso”.
Osasun zentroko arazoak
Erregu eta galderen txanda iritsi zen gero. Guk Baiko ordezkariak udal gobernuari galdetu zion ea elkarrizketarik egon den osasun zentroko zuzendaritzarekin, hainbat kexa egon direla argudiatuta. EH Bilduk iraileko bilkuran plazaratu zuen gaia.
Josune Irabien alkateak azaldu du gutun bidez helarazi diotela osasun zentroko arduradunari iragan udalbatzan adierazitakoa. “Iragan astean hitz egin nuen arduradunarekin eta esan zigun gutunez erantzungo digula, baina aurreratu zidan ziten kudeaketa sistemaren afera orokorra dela osasun zentro berri guztietan”.
Turismo mahaia eta Tubos Reunidos
EH Bilduk, bere aldetik, Aiarako Turismo Mahaiaren aurkezpenean euskararen presentzia egon ez izana kritikatu zuen. “Badirudi antolatu zutenei ahaztu zitzaiela Euskal Herrian bi hizkuntza ofizial daudela. Ekitaldi guztia gazteleraz egin zen bi esaldi kenduta, eta gonbidapena gaztelera hutsez igorri zen”, azaldu zuen Iñaki Ibarluzea zinegotziak. Tubos Reunidosen enplegua erregulatzeko espedientea ere izan zuen hizpide. “Ahal den neurrian informazioa lortzea eskatzen dugu, familia asko bizi direlako horretatik”.
Josune Irabienek adierazi zuen kontuan izango zituztela bi eskaerak, baina nabarmendu zuen turismo mahaian EH Bilduko ordezkariak ere daudela.
Hilketa matxistaren ondorengo elkarretaratzea
Garazi Dorronsorok, bere aldetik, galdetu zuen ea zergatik ez zuen udalak elkarretaratzerik deitu Iruñean jazotako hilketa matxistaren ondoren, “hala egingo zela adostua zegoenean”. Josune Irabienek erantzun du zehaztu behar dela ea zer den adostu zena: EAEn hilketa bat jazotzen zenean mobilizazioa egitea edo Euskal Herrian jazotzen denean egitea. “Bigarrena zehaztu bazen udalaren akatsa izan da eta zuzendu beharko da aurrerantzean”.