Bilera irekia egingo du gaur Amurrioko Mugimendu Feministak Kultura Etxean, 18:00etan. Emakume Etxearen proiektuaren “0 asanblada” izango da zita, antolatzaileen esanetan.
Amurrioko Udalaren aurrekontu parte hartzaileetan aurkeztu dute proiektua. Horrelako espazio baten beharra dagoela ikusten dute mugimendu feministako kideek, “herriko emakumeen arteko saretze eta ahalduntzea emateko”.
Udalean aurkeztu dutena “aurreproiektua” baino ez dela nabarmendu dute. “Ez dago garatua. Horretarako da lehenbiziko bilera hau, zer nolako espazioa behar dugun definitzen hasteko”.
Bestelako proiektuak bidelagun
Beste toki batzuetako egitasmoak hurbilduko dituzte bilerara, euren esperientzien berri jasotzeko. Laudioko emakume etxearen ordezkariak, OihuK gune okupatukoak eta Arespalditzako emakumeen gelakoak bertaratuko dira zitara.